13 DéC. 2024 Entrevue goiuri zabaleta Pilotaria, Lau eta Erdiko Txapelketako finalista «Konfiantza osoa dut iazkoa baino partida hobea izango dela» Urte bikaina darama Goiuri Zabaletak eta horri ginga jartzen saiatuko da igande honetan Lau eta Erdiko txapela eskuratuz. Horretarako, Amaia Aldai, azken hiru urteetako txapelduna, hartuko beharko du mendean. Iazko final berbera errepikatuko da, beraz, eta «errebantxarako gogotsu» azaldu da leitzarra, NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan. (Monika DEL VALLE | FOKU) Ion GARATE Denetarik irabazi du aurten Goiuri Zabaleta Leitzako pilotariak. Bai Hiru Hiriburuak Torneoa, bai sanmateoetakoa, eta sanferminetakoa ere bai. Orain Lau eta Erdikoa nahi du. Aurkaria Amaia Aldai izango da, iaz txapelaren bidetik atera zuen berbera. Hala, 15 urteko gaztetxo honek «errebantxa» nahi luke. Igandean Lau eta Erdiko final handia. Gogotsu? Urduri? Oraindik ez. Partidako momentua iritsi arte lasai ibiliko naizela uste dut. Gero bai, finala hasten denean urduritzen hasiko naiz, baina oraingoz ongi nago. Aurkezpen ekitaldian nola ikusi zenuen aurkaria? Zein giro usaintzen zen? Aurreneko iritsi nintzen eta hantxe hasi ginen argazkiak-eta ateratzen. Gero bai, gero pilotalekua probatzeko aukera izan genuen -Sestaoko Las Llanas pilotalekua, hain zuzen-, ez batak, ez besteak ez dugulako hor jokatu inoiz. Biok batera entrenatzeko aukera izan genuen eta, egia esan, oso gustura aurkitu nintzen. Amaia Aldai urduri ala lasai ikusi zenuen? Nik uste oraingoz biok lasai gaudela. Igandea iritsi bitartean, nik uste biak nahiko lasaiak garela, baina behin kantxa barruan gaudela, kudeatu beharreko gauza izaten da urduritasuna. Finalerdietan Itsaso Erasuni irabaztetik zatoz; Capellan ere 9an utzi zenuen. Emaitza eta joko aldetik ondo zabiltzala esango nuke. Zu zeu zer-nolako sentsazioekin zoaz finalera? Nik uste urte hau oso borobila ateratzen ari zaidala. Oso gustura aurkitzen naiz kantxa barruan, bai binaka, baita Lau eta Erdian ere. Tira, gogo handiz nago jokatzeko eta nik uste joko maila onean joango naizela. Baina, noski, bera ere oso indartsu etorriko da, aurreko partidetan ikusi den bezala, eta, bueno, partida oso gogorra espero dut, baina irabaztera aterako naiz. Uda bikaina egin duzu: Hiru Hiriburuak eta San Mateo eta San Fermin torneoak irabazi dituzu, eta honek nolabait faboritoen artean jartzen zintuen Lau eta Erdikoari begira. Ez dakit finalerainoko bidean lasai aritu zaren ala presiorik nabaritu duzun. Egia da behin final-laurdenak pasatakoan, presio hori pixka bat sentitzen duzula, joan den urtean finala galdu eta gero, eraman beharreko erantzukizuna da. Baina nire buruarengan konfiantza izan dut, eta banekien berriz ere hona iristeko gaia banuela eta, alde horretatik, oso pozik aritu naiz. Txapelik preziatuena izango duzu eta aurrean iazko aurkari bera: Amaia Aldai, azken txapelduna. Aurrelari batentzat txapelik preziatuena hauxe da, bai, eta behin finalera iritsita... Iazko final berbera jokatuta, errebantxa jokatzeko aukera paregabea izango da hau. Errebantxarako gogorik? Bai, bai! Errebantxa batean beti dena eman beharra dago, arantza hori atera ahal izateko. Egia esan, konfiantza osoa daukat lehengo urtekoa baino partida hobea izango dela. Aldaik azken hiru txapelak jantzi ditu Lau eta Erdikoan, baina zuk iazko esperientzia baduzu. Ez dut horrelako beldurrik izaten. Aurrean dagoena dagoela, nirea ematen saiatzen naiz eta dakidana egiten ahalegintzen naiz. Lehengo urtean egia da nahiko urduri nengoela aurreneko finala zelako, baina behin hori pasata, lasaixeago aterako naiz; badaukadala esperientzia zer egin jakiteko. Esan bezala, aurten uda ona egin duzu eta bere kasuan, Aldaik berak esanda, urte eskasa izan du eta pilota uztekotan ere izan da. Aprobetxatzeko momentua da? Bueno, nik uste bera konfiantza hartzen joan dela partidak jokatu ahala eta bere onenera bueltatzen ari dela. Nik uste erakutsi duela berriz ere maila ikaragarrian dagoela, ez dela kasualitatea bera berriz ere finalean egotea, eta, alde batetik, bai, egia da gaizki egon dela eta gaizki pasa duela, baina nik uste konfiantzaz bete-betean dagoela eta aurkari gogorra izango dudala aurrean. Iaz 13an galdu zenuen finala eta esan dezagun Aldai «erraz» nagusitu zela. Ez dakit partida hura ikusi duzun... Bai, egia esan, ikusi dut, behin baino gehiagotan ikusi ere aste hauetan, pixka bat gogoratzeko galduta ere egun polita izan zelako. Egia da 13an galdu nuela, baina lehenengo finala izanda nik uste ez zela hain gaizki egon. Ea aurten 22ra iristeko aukerarik daukadan! Argi dago adin tartea badagoela: Amaia Aldaik 24 urte eta zuk, berriz, 15. Horrek esan nahiko luke fisikoan edo indar aldetik bere alde eragin beharko lukeela. Nik uste gehien esperientzian nabarmentzen dela. Halako egoerak kudeatzeko erraztasun handiagoa dauka. Egia da aurrelarien artean bera dela indartsuena, eta indar horrekin ahaleginduko dela niri kontra egiten eta nik hori saihestu beharko dut. Zuk uste emakumeen pilota garatu ahala, indar fisikoak diferentzia txikiagoak markatuko dituela? Nik uste urtez urte gazteak handi horien parera jartzeraino iritsiko garela, baina tartean prozesu luzea dago. Gogotsu zaude palmaresean sartzeko? Horixe da. Helburua txapela irabaztea da beti eta, are gehiago, kasu honetan. Fisikoki eta mentalki ere oso ongi nago, eta jokatzeko gogoz nago. «Helburua txapela irabaztea da beti eta, are gehiago, kasu honetan. Fisikoki eta mentalki ere oso ongi aurkitzen naiz, eta jokatzeko gogoz nago»