17 DéC. 2024 KOLABORAZIOA Eguberri on! Jose Ignazio ANSORENA Gure Sabinok eguzkiko seme (alabak sartzea kontuan oraindik bururatu ere ez) nahi gintuen euskaldunok. Horrela asmatu zuen «euzko» izena, fantasiazko filologiaren bitartez. Oraindik badira bazterretan gure arbaso historiaurrekoen ustezko jakinduria betearekin ametsetan bizi diren sasifilologo-filosofo ugariak. Horietako batzuk «Eguberri» hitza «Eguzki berri»-tik datorrela ari dira tik-tok eta tak-tik, Malen bilobak kontatu didanez. Bejondeiela, baina ez. Egun berritik etortzea nahikoa du, eguna berritzen hasten denetik egiten den ospakuntza. Erromatarren inperioan, zentzu berean, Saturnalia bihurtu zen. Kristauok, haiek bezala, baliatu genuen gure egun berria zelebratzeko, Jesusen jaiotza, alegia. Orain, askorentzat, soilik da argi minutu gehiago izatearen festa. Baina kontu garrantzitsuena ez da aldatu: elkarrekin ospazioa egitea. Eguberri on! Laster hasiko gara hitzetik hortzera horixe elkarri esaten. Ederki dago denei desio onak eskaintzea, eta bete daitezen ahalegintxoa egiten bada, hobe. Esaterako, Valentzian hainbeste sufritu dutenei, Eguberri on. Baita ere, horren aitzakian, denak berdinak direla errepikatzen dutenei, ea Eguberri onak argitzen dien adimena. Politikariez aritzen dira noski, baina esaldiak balio die medikuentzat, apaiz eta mojentzat, kazetarientzat, militarrentzat, funtzionarioentzat eta mugitzen den edonorentzat. Besteak dira berdinak, baina beraiek desberdinak direla uste dute. Ez dakit ondo esplikatzen naizen, esango luke gure Malenek. Pertsonok, persona garen aldetik, elkarren artean baditugu antzeko ezaugarri asko. Babukeriak eta gaiztakeriak egiteko eta esateko ahalmen neurrigabea, adibidez. Baina beste inoren berdin-berdinik ez dut alerik ere ezagutu inoiz. Ukraina, Gaza, Siria eta hainbeste lekutako diktadore zikin guztiek zapaldutakoei, Eguberri on. Satrapa horiek, ihes egin beharra egokitzean, zapatak ahaztuta uzten dituzte: Ceaucescu, Ferdinad Marcos, Bashar Al-Assad. Zapata galduen balada kantatuko dute. Herri xeheak, aldiz, sarri oinutsik, pozezko dantzari ekiten dio haiek urruntzean. Berrietan agertu dira siriar asko Dabke dantzatzen, gure aurreskuaren antzeko zeremonia sozial bateratzailean. Baldinbaitere luzatuko ahal zaie poza! Eguberri on, genero indarkeria jasaten duten emakume eta bestelako pertsona guztiei, Q+-rekin edo gabe. Eguberri on, dena umorez eta neurriz hartzeko saiakera egiten dutenei. Miguel Gila maisuari buruzko filma pantailaratzen hasi berritan, gogoan izan dezagun hura. Elkarrizketa batean galdetu zioten: «Edozein oinaze umore bihur al daiteke?». «Niri, bonbardaketa batean, 16 urteko laguna hil zitzaidan besoetan. Gaur arte ez zait hori kontatzeko ezer barregarririk okurritu». Eguberri on, Espainiako Konstituzioaren eguna ospatu zutenei, ospatu ez zutenei eta ez ospatu beharrez lan egin zutenei, baita egin ez zutenei ere. Seme-alabak ikasle zirenean egun horretan galdetzen zidaten: zer iruditzen, eskolara joango gara? Nire erantzuna: ikasle zintzo baten eginkizuna da festa aukera guztiak baliatzea. Gure haur garaian, urriaren 1ean, Día del Caudillo zelako, festa egiten genuen. Ez ginen Caudillozaleak, baina festarekin pozarren. Eguberri on Benito Lertxundiri. Lasaitua hartuko zuen, hainbeste kantaldi, abesti eta grabazioren ondoren. Durangoko azokan agurtzeko, Etxahun-Iruriren “Oi, ama Eskual herri goxua!” aukeratu zuten Gederiaga Elkartekoek. Haiei ere Eguberri on, lan bikaina egin izan dutelako beti. Oi, ama Eskual herri goxua! Eguberri on, ozpin gaiztoa senda diezaien, etengabe Espainiako prentsan euskararen hiletaria jotzen duten egunkariei: «El euskera en horas bajas. Los vascos, a pesar del empeño nacionalista, no quieren hablar euskera»... Lerde gaiztoa dariela inprimatzen dituzte horrelakoak. Batera egia bihur daitezen ahalegin guztiak egiten dituztelarik. Epaile filologoei ere, arrazoi berberaz, Eguberri on. Eurek erabakitzen dute lan publiko batean noiz den beharrezko-zilegi halako hizkuntza eskaera eta noiz ez. Espainiako epaile hainbatek denetarako, justizia egiteko ez besterako, balio baitute. Eguberri hitza eguzki berritik datorrela erabakiko dute laster. Donald Trumpekin nago dudan. Eguberri on opaldu? AEBetako presidentetza hartzen duenean ez dut argi ikusten zer gertatuko den: amaieraren hasiera edo hasieraren amaiera. Zapatak ahaztuta alde egin dezala laster. Edozer delarik, Nassim Nicholas Taleb idazle famatuari jarraituz, antifragilak izan beharko dugu. Ez dago besterik. 2025. urte berri on. Ederra dator, ederra datorrenez. Donald Trumpekin nago dudan. Eguberri on opaldu? AEBetako presidentetza hartzen duenean ez dut argi ikusten zer gertatuko den: amaieraren hasiera edo hasieraren amaiera