20 DéC. 2024 KOLABORAZIOA Jakintsu bati agurra Fito RODRIGUEZ Idazlea Patri Urkizu zendu dela jakitean berari buruz lerro batzuk plazaratzea otu zait. Ez dakit, ordea, neroni pertsona egokiena ote naizen; izan ere, haren ondarea hain izan da luzea eta bere jarduera kulturala hain zabala, ezen kulturarekin zerikusia duen edozein arlotako euskaldun orok hitz egin ahal izango baitu Patriri buruz nik baino hurbiltasun eta ezagutza handiagoz.. Edozein modutan ere, biok idazleak izanik eta, hori dela-eta, Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakaritzan jardun behar izan dugularik, gogorarazi nahi nuke 1990etik 1993ra bitartean, «corpus literarioaren garaia» definitu zitekeen sasoian, literatura bera helburutzat hartu zuela Elkarteak bere zuzendaritzapean eta, horri jarraituz, "Hegats" aldizkaria eta Euskal Idazleen Katalogoa sortu zituela. Halaber, elkarteak idazleen prestakuntzari ekin zion, gidoi-ikastaroa, literatur sarien jarraipena edo Idazleak Ikastetxeetan deritzon egitasmoak bideratzeari, adibidez. Bere aro honen bukaeran «irabazi asmorik gabeko» elkarte bilakatu zen EIE, orduan ia 170 bazkide bilduz (gaur egun bikoizturiko kopurua). Euskaldun osoa zen eta, gazteleraz gain, frantsesa ere egoki menderatzen zuen, eta bazekien, jakin ere, herri jardunarekin batera jakinduria eta instituzionalizazioaren premiari erantzuna ematen. Horrela, Lezoko Unibertsitateko Udalaren burua izan zen Patri Urkizu Sarasua, euskal idazle, irakasle eta ikertzailea, 2024ko abenduaren 18an hil da 78 urte zituelarik, baina gure kulturari egindako ekarpen handiagatik gogoratua izango da. Salamancako Unibertsitatean Filologia Erromanikoan lizentziatu zen eta Gasteizen doktoratu zen, Pierre D'Urteren hiztegiaren inguruan egindako tesiarekin. Idazle oparoa, Patrik hainbat liburu argitaratu zituen, batez ere euskal antzerkiaren historiaren inguruan, zeinetan euskal antzerkiaren historia, testuen antologia elebiduna eta prentsa-aipamenak bildu baitzituen. Bere lana ez zen soilik idazketara mugatu. Irakasle eta ikertzaile gisa, belaunaldi berriei euskal kulturaren aberastasuna transmititzen lagundu zuen. Haren ikerketa lanek, besteak beste, Maria Estibaliz de Sasiola bezalako XVI. mendeko euskal poetak berreskuratzea ahalbidetu zuten. Euskal kulturaren enbaxadore nekaezina, Patri Urkizuk hutsune nabarmena utziko du euskal letretan. Bere lanak eta jardunak, ordea, bizirik jarraituko dute euskal literaturaren eta hizkuntzaren etorkizuneko belaunaldientzat inspirazio-iturri gisa. Gugan bego. Irakasle eta ikertzaile gisa, belaunaldi berriei euskal kulturaren aberastasuna transmititzen lagundu zuen