21 DéC. 2024 Bilboko konpartsek San Nikolas eta Plaza Barria girotuko dituzte Bilboko konpartsek ez dute hutsik egingo aurten ere San Tomas egunean eta adin guztiei zuzendutako egitarau zabala prestatu dute San Nikolas elizaren inguruan eta Plaza Barrian. Bilbo Hiria irratiak zuzeneko emanaldia eskainiko du. (A. LOIOLA | FOKU) J.S. BILBO Bilboko konpartsak ezagunak dira abuztuko Aste Nagusian duten partehartze handiagatik, baina urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere antolatzen dituzte, egutegiko ospakizunak haintzat hartuz. Abenduaren 21eko San Tomas da horietako bat, eta konpartsek urte asko daramatzate egun horretan parte hartuz eta San Nikolas inguruan jai giroa sortuz. Aurten ere ez dute hutsik egingo eta adin eta gustu guztientzat egitarau zabala prestatu dute. Txikienentzat tailerrak eta jolasak egongo dira, eta hiritar guztientzat eskaintza gastronomiko zabala, baita bertso-saioa eta musika eta dantza emanaldiak ere. Horrela, egitaraua goizeko 10.00etan zabalduko da ohiko egutegien eta boletoen salmentarekin. Aurreko urteetan bezala, baserriko produktuez betetako otzarana zozketatuko dute, ekintza honen helburu nagusia lehen sektorea sustatzea baita. Horregatik, ateratzen duten dirua urtero lurrarekin harremana duen elkarte bati eskaintzen diote. Aurten, Stop Guggenheim Urdaibai plataformari emango diote, naturgune hori babesteko egiten ari den lana errekonozitzeko. Zozketa egiteko ordua aurreratu egin da eta arratsaldeko 18.30ean izan beharrean, 16.00etan izango da, antolatzaileek azaldu dutenez, «modu horretan ahalik eta adin tarte handienera iristeko». Aurtengo egitarauak izango ditu beste hainbat berrikuntza, horien artean, gune gastronomikoan egiten den eskaintzari lotutakoa. Izan ere, aurten banatuko diren indaba errazioetan ez da txerrikirik izango, barazkiekin prestatuko baitira. Hori bai, nahi duen guztiak txoripanak dastatzeko aukera ere izango du, sagardo baso batez lagunduta. Beste berrikuntza bat haurren programazioari lotutakoa da. Izan ere, Areatzan biltzen den jende uholdea ekidin eta umeek leku lasai bat izan dezaten, aurten Plaza Berrian kokatuko da txikigunea. Udalaren erabakiz, pandemiaz geroztik ez da baserritar posturik jartzen bertan eta horregatik haurrentzako programazioa bertan gauzatuko da. Gai honen inguruan, Bilboko Konpartsek Udalak espazio publikoak erabiltzeko herri eragileei jartzen dizkien trabak salatu nahi izan dituzte. Gainontzean, San Tomas egun honetako egitarauak ohiko osagaiak izango ditu. Goizean zehar zuzeneko irrati saioa izango da Bilbo Hiria irratiaren eskutik, eta San Nikolas inguruan megafonia bidez jarraitu ahal izango da. Txosnaren irekiera 11.00etan izango da, Plaza Barriko txikigunearena 11.30ean eta gune gastronomikoarena 12.00etan. Bertso saioa eguerdiko 13.30ean izango da, eta arratsaldean musika eta dantza izango dira nagusi, Ttipika dantza plazarekin, Gautegun erromeriarekin eta Bilbo Kantariren kantu jirarekin. aurten banatuko diren indaba errazioetan ez da txerrikirik izango, barazkiekin prestatuko baitira. Hori bai, nahi duen guztiak txoripanak dastatzeko aukera ere izango du.