21 DéC. 2024 Itxiera salatu eta enpresa bideragarria dela aldarrikatu dute SDAko langileek Alaia SIERRA GASTEIZ Behinola BSH taldearen Ufesa izan zen SDA Factory lantegia, Gasteizen, itxi egingo dute. Hala jakinarazi zieten 55 langileei asteartean, Ezkirotzen dagoen BSHren plantarik handienarekin gauza bera gertatuko zela iragarri ostean. Atzo elkarretaratzea egin zuten Gasteizko langileek itxiera salatzeko eta enpresa bideragarria dela aldarrikatzeko. B&B Trends enpresa katalanarena da fabrika 2018tik, langileentzat «lantoki hau kudeatzen jakin ez duen putrea», BSH bezala. Enpresa «punta-puntako zentroa» izan zen, «baina azken bosturtekoan enpresa igaro duten multinazionalen diru goseak hondoratu egin du». Lantegia dagoen bezala egotearen arrazoia «horrela erabaki izana» dela gaineratu zuten beharginek. 2020an 240 pertsona baino gehiagok lan egiten zuten etxetresnak ekoizten dituen fabrika honetan, beraz, plantilla 185 pertsonatan murriztu da. Gainera, B&B Trends-en jabeak «hasieratik langileon kontra egin» duela esan zuten. Hitzarmena ez aplikatzea eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente «amaigabeen» dinamika batean murgiltzea leporatu zioten zuzendaritzari. Fernando Mendiola batzordearen eta LABen bozeramaileak azaldu zuenez, B&B Trends-i «operazio hau izugarri errentagarria atera zaio, nahiz eta kaudimen gabezia aipatzen duen».