22 DéC. 2024 Etxebizitzak berritzeko eta eraikuntza programetarako bi milioiko laguntzak Euskal Hirigune Elkargoko kontseilu iraunkorrak bi milioi euroko laguntzak bideratuko ditu, etxebizitzen berritze eta eraikuntza programak garatzeko. Bestalde, 400.000 euroko laguntza emanen zaie lurraldeko enpresei, «jarduera iraunkorrak bultzatzeko». Horrela, gai ezberdinetako proiektuei eta taldeei laguntzeko asmoa adierazi zuten. Energia eta Bizitegiaren Etxean bizitokien isolamendua hobetzeko egitasmoak garatzeko aholkularitza eskaintzen dute. (Patxi BELTZAIZ) GARA BAIONA Bizitokien kalitatea bermatze aldera, Euskal Hirigune Elkargoko kontseilu iraunkorrak laster bi milioi euroko laguntzak bideratuko ditu, etxebizitzen berritze eta eraikuntza programak garatzeko. Helburua etxe zaharrak berritzea eta etxebizitza berriak eraikitzea dela azaldu zuten, «elkartasunezko alokairu errealaren bidez». Zehazki, 216.000 euroko partida bat onartu du exekutiboak, jabe pribatuei zuzenduta, «egoera txarrean diren bizitegien eraberritzeari aurre egiteko, adineko pertsona eta pertsona elbarrien autonomia laguntzeko edo etxebizitzak energia mailan hobetzeko». Bestalde, 740.000 euro bideratuko dizkiete bizitegi sozialean ari diren eragileei. Konkretuki, zazpi proiektu laguntzeko erabakia hartu dute euskal hautetsiek. Orotara, 42 etxebizitza «prezio irisgarri, iraunkor eta ez espekulatiboetan» eskuratzeko parada izanen dela aditzera eman zuten. Horietatik zazpi bizitoki Atharratzen kokatuko dira, bi Ligi-Atherein, zortzi Ainhoan, bi Biarritzen, zortzi Hendaian, zazpi Hazparnen eta, finean, zortzi bat gehiago Azkainen. IPAR EUSKAL HERRIKO FRANCE RENOV’ LURRALDE ITUNA Ipar Euskal Herriko France Renov’ lurralde ituna onartu zuten hautetsiek abenduaren 10ean eginiko bilkuran. Aipaturiko hitzarmenak bizitegi zaharrak berritzea du helburu, era berean energia berriztagarrien erabilpena azkartzea eta orokortzea duela xede. Konpromiso horren arabera, Euskal Hirugune Elkargoak eta Frantziako Bizitegien Hobekuntzarako Agentziak 1,2 milioina euro bideratuko dituzte «herritarrak beren lanetan laguntzeko». Proiektuak gauzatzeko orduan, azaroaren 29an Baionan estreinatua izan zen Energia eta Bizitegiaren Etxean laguntza atzemanen dute herritarrek. Martxan dira jada laguntzak eta proiektuak. Lapurdiko hiruburuan soilik ez, Donapaleun ere horrelako etxe bat plantan emanen dute. Horrez gain, 2025eko urtarriletik goiti permanentziak antolatuko dira «lurraldeko zerbitzu etxe bat baino gehiagotan», erakundeak baieztatu zuenez. BESTELAKO ALORRETAN ERE LAGUNTZAK Etxebizitza politikari loturiko erabakiekin batera, beste hainbat dosier ere landu ditu Euskal Elkargoko kontseilu iraunkorrak. Hori horrela izanik, 400.000 euroko laguntza onartu du lurraldeko enpresetan eta laborantzako sektorean «jarduera iraunkorrak bultzatzeko». Izaera ezberdinetako proiektuak bultzatzea ere garrantzitsua iruditzen zaio Elkargoari. Horregatik beste hainbat laguntza bideratzeko asmoa azaldu du. Esate baterako, mendialdeko gazteen proiektuak edota sorkuntza artistiko amateurra sustengatzeko egitasmoak ere kontseiluaren gai zerrendan ziren. Baita uraren kalitatea hobetzeko zenbait ekimenen proiektuak ere. PREZIO IRISGARRIAKEuskal Hirigune Elkargoak egoera txarrean dauden bizitegien konponketarako laguntzak emateaz gain, beste hainbat bide ere jorratuko dituztela azaldu dute. Esate baterako, 42 etxebizitza «prezio irisgarri, iraunkor eta ez espekulatiboetan» eskuratzeko parada izanen dela aditzera eman zuen.