GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Artola eta Mariezkurrenaren iraultza, urteko partidarik eroenetako batean

Baikoko bikotea 17-4 galtzen joan zen Altuna III.a eta Arangurenen aurka. Baina, bigarren zati gogoangarri bati esker, partida irauli eta 19-22 irabazi zuten. Pattal samar hasi zen Mariezkurrenak erabaki zuen neurketa hiru horma-biko ikusgarrirekin.

Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena, aurreko partida batean ateratako argazkian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Artolak eta Mariezkurrenak sinesteko ere zaila den puntua eskuratu zuten Arrasateko Uarkape pilotalekuan Altuna III.a eta Arangurenen aurka. Baikoko bikotea 17-4 galtzen joan zen, baina, bigarren zati gogoangarri bati esker, partida irauli eta 19-22 irabazi zuten. Zaila da gertatu zena hitzez azaltzea. Hurrengo lerroetan saiatuko gara.

Batere ohikoa izaten ez den arren, apustuak Altunaren aurka irten ziren atzo. Arangurenek aurreko asteburuan Bartzelonan izandako lesioak zalantza asko sortzen zituen eta Artola-Mariezkurrena bikotea zen katedrarentzat faborito, Arangurenen hatz mindua proban jar zezakeen jotzaile parea. Baina aurreneko zalantza, Aginagako atzelariaren eskuak ongi erantzungo ote zuen, aurreneko tantoan argitu zen: 95 pilotakadako tanto gogor, piloteatu eta luzea izan zen, eta Aranguren ezkerrez sotamanoak joz ikusi genuen. Gainera, tantoa gorrientzat izan zen, Mariezkurrenaren lehen hutsa baliatuz.

Hortik aurrera etorri zena ez zuen inork espero. Gorrien pilota motelagoarekin urdinak ez ziren gai izan ez Arangureni min egiteko atzean eta ezta Altunari pilota kentzeko ere, eta hortxe hasi zen Jokinen erakustaldia. Mota guztietako erremateekin, Amezketako aurrelaria markagailuan aldeak handitzen joan zen azkar: 6-2koarekin eskatu zuten lehen atsedena urdinek; 12-3koa zen emaitza telebistak behartutako lehen atsedenean; eta alderik handiena 17-4koan iritsi zen.

Ordurako, Jokin Altunak 10 tanto jokoan eginak zituen, ia denak ikusgarriak, baina suertez egindako bat ere bai; Arangurenek pilota bakarra zuen galdua, eta bikain ari zen defentsan; Artola ia desagertuta zegoen, Altunaren erakustaldiaren aurrean zer egin ez zekiela; eta Mariezkurrenak, nahiko ahul, bost pilota galduak zituen.

ERABATEKO ALDAKETA

Gorrien bolada ona Altunari txapa behera joan zitzaion gantxo batekin amaitu zen, eta sinetsi ezazu irakurle, aurrekoarekin batere antzik izan ez zuen beste partida erabat desberdina hasi zen Arrasaten.

Urdinek beren pilota atera zuten, eta Iñaki Artola sake-errematean tantoak egiten hasi zen, bata bestearen atzetik. 17-6tik 17-13rako tarte horretan, zortzi tantotik bost modu horretan lortu zituen aurrelari alegiarrak. Noski, lur jota zirudien bikotearen animoak gora egin zuen, eta jokoan ere nabaritu zen hori.

Markagailuan hurbildu eta bikotea berpizteko gakoa Artolaren lana izan bazen, neurketaren azken herenean garaipena ziurtatzearen meritua Mariezkurrenarena izan zela esan daiteke. Atzelari nafarrak bi pilota sartu zituen errebotean, horren harrigarria ez dena, baina batez ere hiru horma-biko ikusgarri sinatu zituen, norgehiagoka bero-bero zegoenean eta tentsio ikaragarria frontoian: 19-17koa, 19-20koa eta 19-21ekoa.

Gorriek bi aukera izan zituzten aurkarien erauntsia mozten saiatzeko, Altunak suertez 18-16koa egin zuenean lehenik eta Artolak 19-16koan dejada txapa behera bota zuenean gero, baina ez zuten odoljarioa eteterik izan eta Mariezkurrenak bere erakustaldia, eta neurketa eroa, txokoan egindako ñakuarekin itxi zuen 19-22.

«BI PARTIDA»

«Nork espero zuen?», galdetu zuen Mariezkurrenak berak partida amaieran gertatutakoaz. «Bi partida egon dira. Hasieran beraiek jokatu dute, eta gero guk», laburbildu zuen atzelari nafarrak. «Hasieran beraiek bi pilota oso motel atera dituzte, hasi berritan ere jada frontisetik ez ziren ateratzen. Eta gu ere irten egin gara partidatik. Baina sakea berreskuratu dugunean Iñaki luze sakatzen hasi da, tanto asko egin ditu segidan, eta hamargarrena egin dugunean gehiago sinesten hasi gara», azaldu zuen.

Azken heren horretan egin zituen tantoez aipatu zuen etxetik pentsatuta ekarri zuela. «Hemen entrenatzen izan ginenean, ikusi nuen horma-bikoak asko irteten zirela frontoi honetan. Baina gero partidan hori egiteko unea aurkitu behar duzu. Nik uste, Jokinek ez zuela horrelakorik espero, eta horrek ere lagundu dit», adierazi zuen Mariezkurrenak.

Iñaki Artolak, bestalde, unerik zailenean amore eman ez izana nabarmendu zuen. «Lehen zatian ikusten nuen ustez ongi errestatu eta hala ere ez niola Jokini pilota kentzen. Eta bigarrenean nire alde gertatu da hori. Partidan sartzea lortu dugu, eta Jonek ere sekulako maila eman du bigarren erdi horretan. Partida osoak agian izango ditu hobeak, baina bigarren erdi horretan sekulakoa izan da egin duen lana», esan zuen.

Lau jardunaldi jokatuta, Artola eta Mariezkurrena hiru garaipenekin kokatu dira sailkapenaren goialdean. Altuna eta Aranguren behealdetik gertuago daude, puntu bakarra eskuratuta.