24 DéC. 2024 ESKUBALOIA Asier Nietok Bidasoa-Irun lagako du denboraldi amaieran «Urrutiko esperientzia» bat biziko du jokalari bizkaitarrak, Irunen hiru urtez aritu ostean. «Eskertuta» agur esan zion Gurutz Aginagalde presidenteak. Asier Nieto, Bidasoa-Irunen elastikoarekin. (Jon URBE | FOKU) GARA Azken hiru denboralditan Bidasoa-Irunen jokatu eta gero, 2024/25 denboraldia amaitzearekin batera Asier Nieto hegaleko bizkaitarrak talde irundarra lagako du. Hala adierazi zuen atzo 27 urteko jokalariak, preseski bere erabakiaren berri emateko egindako prentsa agerraldian. «Nire borondatez hartu dut erabaki hau. Oso eskertuta nago klubarekin, Julen eta Gurutz Aginagalderekin, jokalari eta pertsona gisa asko hazi bainaiz hiru urte hauetan», adierazi zuen Nietok. Horrez gain, atzoko agerraldiak «agur kutsurik» izan ez dezala izan ere eskatu zuen. «Oraindik hilabete batzuk emango ditut hemen, hilabete politak gainera», esan zuen. Bidasoa-Irun ez ezik, Asobal Liga ere atzean lagako du bizkaitarrak. «Atzerritik gustuko proposamen bat jaso nuen, eta hala adierazi nion klubari. Beti nahi izan dut noizbait kanpoan jokatu, eta esperientzia berri honi ekiteko gogotsu nago», azaldu zuen. Gurutz Aginagalde presidenteak esker oneko hitzak izan zituen. «Asierrek asko eman digu hiru urte hauetan, eta pena sentitzen dugu kanpora joatea erabaki duelako. Baina, era berean, hazkuntza prozesu hau gurekin egin duela ikusteak harro sentiarazten gaitu», nabarmendu zuen. Jakub Skryniarz atezainari buruz, ostera, albiste txarragoak plazaratu zituen Bidasoa-Irunek. Antza, jokalari poloniarrak bi arritmia izan omen ditu urtean zehar, eta bigarrenaren ondorioz ospitaletik igaro behar izan zuen. Mediku azterketek «fibrilazio aurikularra» aurkitu zuten Skryniarzen bihotzean, eta ebakuntza egin beharko diote. Urtarrilaren erdialdera kirofanotik pasatuko da poloniarra. TALENTUAAsier Nieto baino lehen Bidasoa-Irunek Kauldi Odriozola edo Jon Azkue galdu zituen. «Talentua mantentzeko orduan badugu zereginik, baina harro sentitzeko modukoa da Asierrek gure taldean haztea erabaki izana», adierazi zuen Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak.