24 DéC. 2024 Gabonetako elikagai tipikoen prezioak %12,3 garestitu dira azaroaren 25etik GARA DONOSTIA Azaro bukaeratik hona gabonetan jaten diren elikagai «tradizionalak» batez beste %12,3 garestitu dira, OCU kontsumitzaileen elkarteak eginiko azterketa baten arabera. Iaztik, berriz, produktu horien prezioak %6,8 igo dira, azken bi urteetan baino «askoz gehiago». Erakunde horrek azaldu zuenez, aurreko urteetan bezala prezio igoerarik handienak itsaski eta arrainetan antzeman dira. Haragian, aldiz, garestitzeak apalagoak dira. Txanponaren beste aldean, frutak eta barazkiak dira prezioa jaitsi edo apaldu dutenak. 2015. URTETIK AZTERTZEN OCUk 2015etik dihardu gabonetan tipikoak diren hamasei elikagairen prezioak aztertzen Estatuko hainbat merkatu eta hipermerkatutan, horien artean Bilbokoak. Gabonetako saskia osatzen duten produktuak hauek dira: esneko arkumea, txahal biribila, oiloa, indioilarra, urdaiazpiko iberikoa, lonbarda aza, anana, granada, bisigua, akuikulturako lupia, legatza, angulak, otarrainxka egosiak, lanperna galiziarrak, txirlak eta ostrak Azaroaren 25ean zeukaten salneurriarekin alderatuz gero, horietako hamahiru produktu garestitu egin dira eta hiru, berriz, merkatu. Gisa horretan, lanpernak dira gehien garestitu direnak (%78), ondoren txirlak (%53,1), legatza (%32,8) eta angulak (%13,9).