26 DéC. 2024 Errepaso azkarra Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Ate joka dago 2025. urtea eta, urtero legez, ikus-entzunezkoen zakuan gordeta daukaguna atera, sailkatu eta ikusitakoaren balorazioa egitea tokatzen da. Telesailen alorrean hiru iruditu zaizkit bereziki biribilak. “SAMBRE”; Estatu frantsesaren historian emakume gehien bortxatu dituen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen duen ezinbesteko obra iruditu zait. “QUERER”: zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hiperrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak. Eta “RIPLEY”: Patricia Highsmithen Tom Ripley pertsonaiari buruzko eleberri sorten egokitzapena zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait. Hitchcocken oihartzunak dituen lan zoragarri horren argazki zuzendaritza lana hamarrekoa da, fotograma bakoitza artelana iruditu zait. Pantaila handira jauzi eginez gero, beste hiru izenburu nabarmenduko ditut: “THE SUBSTANCE”, basatia, gordina eta gorea; “ALL OF US STRANGERS”, maitasunari, bakardadeari eta galerari buruzko film mingarria. Estetika ederrekoa, sotila, delikatua, gogorra. Eta Sean Baker zinemagilearen “ANORA”. “Pretty Woman” filmaren b alde moduko bat sortu du, baina Coen anaien iragazkitik pasatutako tonu eta atmosfera medio. Narratzaile magistrala dela frogatu du berriz ere.