10 JAN. 2025 HILABETE, AL-ASSADEN ERREGIMENA ERORI ZENETIK Entrevue Abdul Munem Zaineddin Siriako Trantzisio Gobernuko koordinatzailea «Siria etnia anitzen zuzenbide estatua izango da, gaizkilerik gabe» Trantsizio gobernuan koordinatzailea den Abdul Munem Zaineddinek elkarrizketa eskaini dio esklusiban GARAri Damaskoko Sheraton hotelean, duela ia hilabete Baxar al-Assad boteretik kendu duten islamisten gobernu berriaren egoitzan. (Andoni LUBAKI | FOKU) Andoni LUBAKI DAMASKO Zer aldaketa garrantzitsu espero dira Siria berrian? Assaden erregimenak tortura sistematikoki praktikatzen zuen bere herrialdearen aurka. Ustelkerian eta bidegabekerian oinarritzen zen sistema. Diktadura bat izatetik konstituzio bat izango duen herrialde bat bihurtuko gara. Eta ez soilik agintari berriek, baizik eta siriar guztiek ere konstituzio berri hori aurrera ateratzeko eta ondorengo urteetan betearazteko ardura izango dute. Nazioartean ere gatazkak sona izan du hasieratik. Nola kokatuko zarete arerio zahar eta berriekin? Siria zaharra arabiar estatuentzat mehatxua izan da beti. Irani gorazarre egiten zion, eta herrialde horrek ez ditu herri horiek maite. Assadek Iran zuen babeslerik handiena. Orain, aldiz, gure esparrua aldatu egin da, irandarrak ez daude jada gure herrian. Gauzak honela, nazioartean lankidetza, elkarbizitza, harreman baketsuak eta nazioarteko legediari atxikimendua landuko dugu. Milizia terroristak kanporatuak izan beharko dira. Siriarrek estatu egonkor bat nahi dute, eta lagundu diguten herrialde egonkor horien antzekoa izango da, borondatea dagoelako. Nola antolatuko dute elkarbizitza etorkizun hurbilean herrialdeko erlijio eta etnia desberdinek? Aniztasuna izugarria dugu Estatu honetan eta oso positibotzat jotzen dugu. Assadek aniztasun hori ustiatu eta puskatu egin zuen, ez soilik bere interes propioengatik, baita inguruko herrietan barne gatazkak sortzeko. Aniztasun hori harmonia bihurtu behar dugu; eta ez da zaila izango, siriarrak milaka urtez elkarrekin inongo arazorik gabe bizi izan dira erregimenak dena zapuztu zuen arte. Gakoa da denok bat egitea Siriako nazioaren seme eta alaba gisa, herrialdearen interesei eta Siriako herriaren interesei lagunduko dieten helburu partekatuak landuz. Denok nahi dugu Siria zuzenbide estatu bat izatea. Partaide guztiak behartuta egongo dira Siria berri bat eraikitzeko elkarlanean aritzera. Zer gertatuko da erregimen zaharreko kideekin eta haien ondasunekin? Assaden erregimeneko kide guztiek ez dute tratu berbera jasoko, denek ez baitute modu berean parte hartu. Gobernuko sailetako enplegatu zibilei dagokienez, ez da arazorik izango, langile xumeak ziren. Erregimenaren armadan zerbitzatzera behartuak izan ziren behe mailako soldaduei jada ireki zaizkie adiskidetzeko aukerak. Beren armak Estatuari eman eta legearen eskuetan jar ditzakete, Siriako herriaren aurkako krimen garrantzitsuetan parte hartu ez badute behintzat. Kasuz kasu aztertuko dugu militar bakoitzak ze inplikazio izan duen eta ea bere aurkako salaketarik dagoen. Baina atea, berriro diot, irekita dago behe mailako soldaduen kasuan. Aldiz, erregimeneko goi funtzionarioak zigortuko ditugu. Espetxeetako torturen arduradunak izan ziren Segurtasuneko eta Inteligentziako arduradunek, Siriako herriaren aurka arma kimikoak, upel-bonbak eta misilak jaurti zituzten hegazkin gidariek, eta genozidioa, hilketa, terrorismoa eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenek Siria berriaren justizia pairatuko dute. Epaiketek legedi berriaren zuzenbidea beteko dute, eta zigor eredugarriak jasoko dituzte beren ekintzengatik. Ez dute ihes egingo, eta Siria berriaren aurrean errudun izendatuak izango dira. Ondasunei dagokienez, erregimenaren partaide izan zirenek lapurtu dutena legezko jabeei itzuliko zaizkie, dela pribatua, dela publikoa. Ahalegin berezia egingo dugu Siriako herriarena zena eta esku pribatuetan amaitu duena berreskuratzeko. Bulego berriak ireki ditugu horretarako, herriarena zena herriari bueltatuko diogu. Nola berreraikiko dira gerra-urteetan suntsitutako azpiegitura eta ekonomia? Siriak lurrikara izugarria pairatu du Assaden erregimenaren eta bere aliatuen (Iran eta Hizbulah) laguntzarekin. Boterea mantentzeko azpiegiturak (ospitaleak, zubiak, errepideak, klinikak, meskitak eta baita bizitegi eremuak ere) bonbardatu eta suntsitu zituen. Hori guztia berreraikitzeko, Siriako Estatuaren baliabide guztiak maila guztietan martxan jarriko ditugu. Gure aberastasunarekin jorratuko dugu, petrolioa, nekazaritza eta turismoa bultzatuz. Atzerrian bizi diren siriarrek eta baliabideak dituztenek herrialdea suspertzen lagun dezakete, beraien aberria baita. Askok azaldu dute proiektuetan inbertitzeko eta laguntza emateko borondatea. Hori koordinatu egingo dugu. Zer paper izango du Turkiak aurrerantzean? Horrenbesteko gerra eta hondamendia pairatu duten herrialdeek konferentziak egin ohi dituzte berreraikuntzan eta susperraldian ahalik lasterren laguntzeko, Nazio Batuen eta giza erakundeen bidez funtsak lortzeko, eta hor Turkia kide izango dugu. Zer gertatuko da Siriako Indar Demokratikoekin orain? Ez dago gatazkarik. Baina Assaden alde egon direnak gaizkileak dira. Ordaindu egin beharko dute. Ez denek, erregimenarekin batera borrokatu zutenek eta elkarlanean egon direnek baizik. Lehen aipatu bezala, justiziak erabakiko du. Gaizkileak kenduta, etnia anitzeko herrialdea izaten jarraituko dugu. Eta iparraldeko ekonomian zer nolako papera izango du Turkiak? Hori Alepon galdetu beharko zenuke. Alepon ez dute Turkiarren inguruko galderarik erantzun nahi. Orduan, oraindik ez dago erantzunik. ZIGORRAK «Erregimeneko goi funtzionarioak zigortu egingo ditugu. Genozidioa, hilketa, terrorismoa eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenek Siria berriaren justizia pairatuko dute»