GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Gose greba bukatu da; kausak ez, borroka ere ez


Hilabeteko baraualdiaren, hilabeteko sufrikarioaren ostean, osasun arazoak direla-eta, Sevilla II kartzelan morroilopean dauden euskal presoek bertan behera utzi dute gose greba. Euskal presoen egoeraren larria inork ez du beraiek bezain ondo ezagutzen. Eta ikaragarria da egoera horren berri jakinarazteko hilabete jan gabe egon beharra. Ikaragarria da, halaber, Madrilgo Gobernuaren jarrera, indarkeriaren aitzakian babesgabeenen aurka etengabeko indarkeriari heltzen diona. Are, bereaz beste indarkeriarik ez dagoenean ere.

Bukatu da gose greba, eta lasaigarria da neurri batean sufrimendu hori bukatu dela jakitea; lasaigarria neurri txikian, ordea, gose grebari heltzeko kausek bere horretan diraute eta. Bakartzea, osasun arreta eskasa, kartzelarien jazarpena eta bestelako gehiegikeriak, sakabanaketa... euskal presoen eguneroko bizitzaren parte dira, eta horiek lehenbailehen bertan behera utzarazteko presioa ezinbestekoa da. Gizartearen txanda da. Eta euskal instituzioena, horien zeregina ezin baita mugatu noizbehinka adierazpen bat egitera hainbat euskal herritarren eskubideak hain modu ankerrean urratzen dituzten bitartean. Presoek badituzte eskubideak, hori da espetxe politika zital hori amaitzeko arrazoi nagusia, beste hainbat gehiago ere badauden arren, euskal gizarte osoari dagozkionak. Ez dezatela barau egun bakar bat ere egin behar izan.