20 FéV. 2014 Urteta izango da Aldundiak itxiko duen lehen zabortegia, 2014ko abenduaren 31rako Gipuzkoak hondakinak modu eraginkorrean kudeatzeko plana du, herrialdeko hiru zabortegi kutsatzaileak ixtea ahalbidetuko duena. Urtetakoa izango da lehena ateak ixten, 2014ko abenduaren 31 baino lehen. Aimar ETXEBERRIA ZARAUTZ Herrialdean sortzen diren hondakinak modu «eraginkorrean» eta «iraunkortasunez» kudeatzeko landu duen proiektuaren berri eman zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak hedabideen aurrean, Zarauzko Urteta zabortegian egin zuen agerraldian. GARAk joan den igandean argitaratu zuen albisteari jarraiki, hainbat datu gehitu zituen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak, herrialdean geratzen diren hiru zabortegi kutsatzaileak ixteko muga-egunak, horien artean. Ildo horretan, Errazkinek iragarri zuenez, Urtetako zabortegia izango da hiruretatik itxiko duten lehena, 2014ko abenduaren 31rako, hain zuzen. Lapatx (Azpeitia) itxiko dute Urtetaren ondoren, 2015eko apirilean, eta Sasietakoa (Beasain) izango da azkena itxiko duten zabortegi kutsatzailea, 2015 amaieran. Modu horretan, eta Aldundiak aurkeztu duen proiektuak aurrera egingo balu -ez du horretarako Batzar Nagusietan gehiengorik behar-, Gipuzkoak ez luke zabortegi kutsagarririk izango, 2016tik aurrera bederen. Aldundiak aditzera eman duen proiektuak hiru konpostatze planta proposatzen ditu, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat eta hondakin geldo edo bizigabeetarako gordailu bat. Proiektua jada abian da, hasita baitaude Epeleko (Bergara) konpostatze planta eraikitzeko lanak. Hori 10.000 tona hondakin organiko tratatzeko gai izango da; Lapatxen egun dagoen plantak 3.500 tona organiko tratatuko ditu; eta 20.000-30.000 tona tratatzera irits daiteke Zubietan eraikitzeko asmoa duten hirugarren konpost planta. Modu honetan, herrialdean gaika bildutako materia organiko guztia Gipuzkoan bertan tratatuko da. Zubietako lanak, azaroan Zubietan eraikiko duten TMB planta 170.000 tona errefus jasotzeko prestatuta egongo da, Aldundiak egiten dituen aurreikuspenen arabera, 130.000 tona izango diren arren -horretarako, gaikako bilketa 2016rako %60koa izatea aurreikusten dute; hau da, 195.000 tona gaika bilduko dira eta 130.000 tona errefusa izango lirateke-. Planta hau 2014ko azaro amaieran hasiko dira eraikitzen, 2015 amaieran martxan egon dadin. Tratamendu mekaniko-biologikoaren bidez materiaren zati bat berreskuratu ostean, eta airera doazen isurkin kutsagarriak nahiz lur azpira doazenak kenduta, 65.000 tona hondakin bizigabe geratuko lirateke, gordailu batera eramango dituztenak. Gordailu honen kokalekua aurten erabakiko dute Aldundiko arduradunek. Foru proiektuan jasotzen diren azpiegituren kostua 131 milioi eurokoa izango da -errauste plantak 400 milioi inguruko kostua zuen- eta 100 lanpostu sortzea aurreikusten dute. ZUBIETAKO PLANTA. Zubietan egitekoak diren TMB plantaren lanak 2014ko azaroan hasiko direla iragarri zuten, 2015eko amaieran lanean has dadin. TMB plantaz gain, konpostatze planta bat ere kokatuko dute Zubietan.