18 MAI 2014 HAUR LITERATURA Liburu altxorra Asun AGIRIANO Azalpen-sarrera luze samar horren ostean, esan «Pirata izan nintzenekoa» liburuak izenburutik harrapatzen gaituela. Nortasun bereziko pertsonaiak dira piratak, tatuajez, belarritakoz eta orbainez beterik, biraoka eta garrasika, eta euren buruaz harro; balentriak eginez, munduko itsasoak zeharkatzen dituzte, uharteetan lapurtutako altxorrak gordetzeko. Haurrak liluratzeko gaitasuna dutela ezin ukatu. Haur bihurriek beti miretsiko dituzte piratak, baita Julian Jaka liburu honen protagonistak ere, berak kontatzen digu istorioa, horrela dio bere golkorako ofizioa ezagutzen doan heinean: «Inork ez zigun esan: espinakak amaitu behar dituzu edo azenarioak ongi mastekatu. Izan ere, hango guztiek nahi zuten moduan jaten zuten, eta inori ez zitzaizkion barazkiak gustatzen. Ahoa beteta hitz egiten genuen, eta inork ez zuen esaten mesedez edo eskerrik asko. Hura gozamena!». Istorio subertsiboa dugu, umoretsua eta ironia finekin zipriztindua, eta haur literaturan oso zabalduak eta uztartzen zailak diren bi errekurtsoak, fantasia eta errealitatea, primeran josita daude. Mutila zein piratak transgresoreak dira, ausartak eta kementsuak. Amaiera ere munduan batekoa du, nostalgia ukitu eta guzti. Osagai horiek guztiek liluratu egin gaituzte. Melinda Long idazle amerikarrari zor diogu ipuin hau, best-seller izatera iritsi zena, eta sari ugari eskuratu zuena, besteak beste, argitaratu zen urteko libururik onenarena. Shannon irudigilearekin batera bigarren ale bat ere kaleratu zuen, oraindik itzuli gabea, «Pirates don't change diapers» edo «Piratek ez dute pixa-oihalik aldatzen». Marrazki zoragarriak, koloretsuak oso, mugimendu eta xehetasun mordoarekin, adierazkortasunez beteak. Askotan, zoom teknika erabiliz, marrazkiek perspektiba ezberdinak hartzen dituzte, orain goitik, gero behetik. Sumatzen da bi egileak dibertitu egin direla liburuaren sormen prozesuan, eta iruditzen zait irakurleak ere gozamen hori sentituko duela. Beraz, estutu hortzak, izan gaitezen zorrotzak eta ez zuzenak, eta joan daitezela bildumak atxikita dituen jarduera eta ariketa guztiak popatik hartzera!