23 MAI 2014 JOXE AZURMENDI ETA ANDONI OLARIAGA, SOLASEAN «Jakin» historikoaren eta berriaren arteko zubia eraikitzen hasia da Joan Mari Torrealdaik aipatu ohi duenez, Joxe Azurmendi irakaslea baino maisua da eta, bide batez, bere ikasleak ikasle baino dizipuluak dira, gara. Iñaki Soto «Jakin»-en aurreko zuzendariaren gogoeta hau jasoz hasi zuen atzo Martin Ugalden burutu zen saioa Lorea Agirrek, aldizkariaren zuzendari berriak. Izan ere, Azurmendirekin batera solasaldian aritu zen Andoni Olariaga bete-betean sartzen da definizioan. Nolanahi ere, aurrerago Azurmendik berak aipatuko zuenez, «neu bezala pentsatzeko neu bakarrik nahikoa naiz», eta Olariagaren pentsamenduaren iturri nagusietako bat Azurmendi bada ere, pentsamendu horrek bide propioa egingo duela erakutsi zuen. Lehenik eta behin, beste garai bati erantzun behar diolako, beste belaunaldi bat ordezkatzen duelako eta, kezka komunak izan arren, zeharo aldatu den mundu bati erantzun behar diolako. Biek filosofia «tresna» gisa azaldu zuten, nork bere kezka pertsonalei eta bere garaiko kezka kolektiboei erantzunak bilatzeko tresna gisa, hain zuzen ere. Azurmendik, doiki, berea «pentsamendu koherente baina ez sistematiko» gisa definitu zuen, «erlatibista, nolabait». Utopiak itsutu gabe Azurmendik beraiek «gizarte seguru eta dogmatiko batetik abiatu» zirela oroitu zuen, «katolizismo frankistatik». Mundu hori puskatzen ikusi zuten, maila indibidual zein kolektiboan, erlijiotik hasi eta politikaraino, eta beren belaunaldian horri heldu nahi izan zioten. Olariagak «zuek pusketatan utzi duzuen munduarekin egiten dugu topo» erantzun zion, «umezurtz eta tresna berrien bila aritu behar izan da gure belaunaldia». Kritika jasoz, «guk egin dugun lana nahiko negatiboa» izan dela onartu zuen Azurmendik eta beren gogoeta moduak ez duela asko laguntzen soluzioak bilatzeko orduan. «Orain ez da kritika bilatzen, orain soluzioak bilatzen dira», gehitu zuen. Olariagak «erantzunak topatu genituenean galderak aldatu zizkiguten» esamoldea ekarri zuen orduan mahaira, eta hein batean, galdera berberei erantzun desberdinak emateko tresnen bila dabiltzala onartu zuen. Zeintzuk dira, baina, galdera horiek? Asko, gehiegi laburbilduz: nola demontre atera aurrera herri hau, nola hobetu bere herritarren bizitza, nola ulertu hobeto mundua aldatu ahal izateko. Horren bueltan, estatuaren funtzioaz (Azurmendi «Estatuaren inflazioaz» kexatu zen), sozialismoaz (bien ustez birpentsatu behar dena), nazioaren garapenaz (Olariagak nazioa egunerokotasunean nola berregiten den azaldu zuen, eskema zurrunetatik ihesi), hizkuntzaz, justizia propio baten beharraz... aritu ziren. Azurmendi haserre agertu zen espainiarrengandik hartu ditugun ohitura eskasengatik, berak «ganberrismo kultural» deitzen duenagatik. «Espainolak izan nahi ez badugu, oso erraza dugu zenbait kapitulutan», ohitura txikietatik hasita. Oso berea den tesia gogoratuz, adibideen bidez munduan espainola ez den gauzak egiteko hamaika modu daudela azaldu zuen. Olariagak pragmatismoa defendatu zuen. Bere artikuluak direla medio GARAko irakurleak ondo dakien bezala, politikaren ikuspuntu erlijiosoa salatu zuen, gurean nagusi den «nazioaren eta sozialismoaren ikuspuntu katolikoa», eta errealismoz jokatzeko deia egin zuen. Azurmendik «Intelektualki absolutuekin operatzera ohitu» garela esan zuen. Inposizioa ezinezkoa denean (eta hemen ezinezkoa da) konbentzimendua hobesten duten estrategien alde egin zuen gazteak. Euskal Herriaz abertzaleek duten ezagutza eskasa ere aipatu zuen Olariagak behin eta berriz, gizartearen fragmentazioa konpontzea lehentasun gisa jarriz. Azurmendik denboraren kudeaketari eman zion garrantzia berezia, utopiagatik itsutzeko tentazioa ekidin beharra eta urratsak planifikatzeak duen garrantzia aipatuz. «Soluzioak bizi den jendearentzat behar dira», aldarrikatu zuen. Une batean, Ibarretxeren programaren zehaztasuna goraipatu zuen. Bata zein bestea ezagututa, atzo ez zutela beti asmatu esango nuke. Adibidez, Azurmendik ez zuen beti bere teorien alderdirik interesgarrienak eztabaidan txertatzen asmatu, eta Olariagak ez zuen beti egunerokotasun politikoaren adibideetatik berak ateratzen dituen irakaspenen sakontasuna azaltzea lortu. Filmei buruz esan ohi den bezala, liburua hobea dela esan daiteke. Hala eta guztiz ere, «Jakin» historikoaren eta berriaren arteko zubia eraikitzeko lanetan lehen harria besterik ez zen atzokoa, nolabait esateko. Zentzu horretan, ekitaldi polita osatu zuten eta bertaratu zen jendea (80 bat pertsona, adin desberdinetakoak, ordezkari politikoak zein herritarrak, jatorri eta ibilbide anitzekoak) pozik joan zen etxera. Izan ere, euskal pentsamenduaren tradiziorik interesgarrienetakoa den honetan ondarea ziurtatuta dagoela ikusi ahal izan zuten, garai bateko eta gaur egungo gazte erook esateko asko dutelako oraindik.