03 SEPT. 2014 KASKAROTENEA IKASTOLA EPAILEAK KANPORATUA Haurren algarak eta gurasoen kezkak nagusi lehen klase egunean Ikastola guztietan bezala, Ziburuko Kaskarotenean ere atzo haurren irri eta negarrak entzuten ziren. Umeentzat «normaltasunez» iragan zen ikasturte hasiera guraso eta Seaskako ordezkarientzat kezkaz betea izan zen; zazpi egun barru Marinelako gunean egotea debekaturik izango badute ere, konponbiderik ezean bertan geldituko baitira, eguneko 100 euroko prezioan. Idoia ERASO Astelehenean, Paueko epaileak Ziburuko ikastolak orain duen gunea uzteko zazpi egun besterik ez zituela ematen jakin zelarik, Seaskako buruek ikasturte hasiera bertan egitea erabaki zuten. Atzo goizean, ikastolako hamahiru haurrekin batera, gurasoak, Herriko Etxeko hautetsi abertzaleak, Seaskako presidentea eta hainbat kazetari han izan ziren. Izan ere, ikastola borroka gune bilakatu da, Guy Poulou auzapezaren eta euskarazko hezkuntzaren aldekoen artekoa. Haurrak irakaslearekin aurrefabrikatuetan utzi ondoren, egoerak duen larritasunaren berri eman zuten ikastolako arduradunek jolastokian. Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioko presidenteak ebazpena «onartezintzat» jo zuen, Kaskarotenearentzat udako hilabeteetan lortu ez duten tokia «zazpi egunean lortzea ezinezkoa» dela erran baitzuen. Poulouk izan duen jokamoldea salatu zuen, baina berarekin aterabide bat lortzen saiatuko direla nabarmendu zuen. Nahiz eta, alkateak lur eremu publikoa lagatzeari egiten dion ukoa ikusirik, beharbada bertan gelditzea beste aukerarik ez duten izango: «Heldu den astetik goiti bada arriskua polizia igortzeko, baina haurrek ez dute klase egun bat bera ere galdu behar». Denen elkartasunari dei egin zion Indok, eguneko 100 euro ordaindu beharra izango balitz. Laida Mujika ikastolako presidenteak euskarazko hezkuntzaren eskubidea aldarrikatu zuen, aldi berean Poulouk ikastolari eginiko «publizitatea» aipatu zuen ironiaz; izan ere, hamabi haur izan behar zituen ikastolan hamahiru sartu ziren atzo, ikasturte hasiera honetan. Ziburutik harago Kaskarotenea ikastolako gurasoak herrikoen sostengua ez ezik, urrunekoen babesa ere jasotzen ari dira. Horren erakusle da Internet bidez azken orduetan jaso dituzten sinadurak. Astelehenean Mesopinions.com-en eskaerak 900 baziren, bart 11.000tik goiti zeuden. Herritik bertatik ere Ziburu Bizi udal taldeko Leire Larrasa izan zen klasearen hasieran. Larrasak Udalarekin mintzatzeko bere bitartekaritza proposatu zuen. Bestalde, EH Bai koalizioak Poulouren jarrera «deitoratu» eta ikastolako kideei babesa agertu zien. Kontseiluak eta Ikastolen Federazioak ere bat egin zuten Kaskarotenearekin. Lehenak «ikastolaren aurkako erasoa, euskararen aurkakoa» dela baieztatu zuen. Ikastolen Federazioak Paueko epaia «asalduraz, harriduraz, saminez eta amorruz» hartu dutela jakinarazi eta euskal herritar eta erakunde guztiak «euren esku dagoena egitera» deitu zituen. ELA sindikatuak «haurrentzat alternatiba egoki bat aurkitzeko» eskatu dio Herriko Etxeari.