23 OCT. 2014 Donostiako auzo elkarte guztiek gaitzetsi dute hiria barrutitan zatitzeko oposizioak duen asmoa Oihane LARRETXEA DONOSTIA Ezusterik ezean, datorren urriaren 30ean, Donostiako oposizioak (EAJ, PSE eta PP) hiria lau barrutitan banatzea adostuko du. Ondoren, hilabeteko epea irekiko da hiritarrek helegiteak aurkeztu ditzaten. Proposamena ez du partekatzen Udal Gobernuak (EH Bildu), ezta, atzo prentsaurrekoan adierazi zutenez, Donostiako auzoetako bizilagun elkarteek ere. Salbuespenik gabe, hogei auzoetako hogei elkarteek gaitzetsi zuten «inongo eztabaidarik gabe» aurrera aterako den proposamena. Gauzak horrela, hiru eskari egin dizkiete bizilagun ordezkariek oposizioko alderdiei. Lehenik eta behin, gaia urriaren 30eko udalbatzaren gai zerrendatik kendu dezatela. Bestetik, jendaurreko eztabaida «serio eta lasaia» antolatzea. Besteak beste, hiriaren kudeaketaren eraginkortasunaz, erakundeak auzoetara hurbiltzeaz eta hiri ereduaz hitz egin nahiko lukete alderdiekin, Donostiako hiritarrekin batera. Azkenik, Udalari parte hartzea sustatuko duten tresnak sortzea eskatu diote, hirirako estrategikoak diren gaiez eztabaidatu eta iritzia eman ahal izateko. Barrutietan oinarritutako banaketa 2003. urtean onartutako lege bati jarraituz egin dutela defendatu dute oposizioko alderdiek, baina auzo elkarteak ez dituzte argudio horrekin konbentzitu. «Harrigarria iruditzen zaigu arautegia 2003koa izanik, orain, hauteskundeetarako hilabete gutxi gelditzen direnean premiaz aurkeztea halako ekimen bat», kritikatu zuen auzo elkarte guztien izenean Eiderrek, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. Euren ustez, «Donostiako barrutien arautegi organikoa» onartzeak «auzoak inolako ordena eta irizpiderik gabe barrutietan biltzea ekarriko luke». Hainbat kezka dituzte auzo elkarteek, baita galderak ere, hala nola: «zergatik lau barruti eta ez bakarra edo zazpi?», «zergatik aitortu [barruti bakoitzari] eskumen jakin batzuk eta ez beste batzuk?», «Zergatik kudeatu [barruti bakoitzak] aurrekontuaren %5 eta ez %11, adibidez?». Elkarteek adierazi zutenez, proposamenak hiritarrei bizkarra emanda egin izanak agerian utzi du «alderantzizko demokrazia», alegia, «politikari batzuk oso-oso urrun daude ordezkatzen duten gizartetik».