23 NOV. 2014 KOLABORAZIOA Hezkuntza, legez eta bidez Koldo Tellitu Mejia Ikastolen Elkarteko lehendakaria Asaldura handiko giroa bizi dugu Hezkuntzan; mehatxu, erronka eta aukeraz betea, gizartean, oro har, hainbat faktorek eraginda bizi dugun bezalaxe, baina Hezkuntza munduan ezaugarri propioekin. Euskal Herriko Ikastoloi biderkatuta datozkigu mehatxu eta erronkak, administratiboki lau puskatan zatituta daukagun lurraldean saretuta gaudenez. Lomce eta Falloux legeei aurre egin beharrean gaude, gure hezkuntza sistemari zuzenean erasotzen dioten bi mehatxu handi, bai ondorioengatik bai egileengatik, bi estatu baitira haien sortzaile eta bultzatzaileak. Euskarazko testuliburuen sorgin ehiza abiatu duen Nafarroako Gobernua ere hor dugu; eta baita Euskararen Legean iragarritako aldaketa ere, hura aplikatzen den moduaren arabera euskal hezkuntzarako onuragarri izan daitekeena, baina, tamalez, ziurgabetasuna eta zalantza ere eragiten dizkiguna. Azkenik, Heziberri 2020 ere hor dugu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza berritzeko Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa, hura ere onuragarri izan daitekeena, baldin eta osotasunean betetzen bada. Aukera, erronka eta mehatxu horien aurrean aldarrikatu dugu, gure izaeraren ardatz den gisan, Hezkuntza Sistema propioa behar dugula Euskal Herrirako, horrek bakarrik ziurtatuko digulako gure ikasleen, gure seme-alaben hezkuntza euskalduna, eleanitza, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, teknologia berrietan trebatua, kalitatezkoa eta ekitatiboa. Xede hori eskuratzea une honetan ezin bada ere, urratsak egin behar dira Hezkuntza Sistema propiorantz, eta egun badugu horretarako aukera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatuta egon arren. Hezkuntza Lege bat da hori. Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 egitasmoan aurreikusten du, eta lege baten beharra azpimarratu dute alderdi politiko nagusiek ere. Izan ere, bazen garaia, azken bi hamarkada baino gehiagotan jaiotzetik herrena den lege bat, aspaldi iraungita dagoen itun batetik eratorria, izan baitugu hiru lurraldeotan; Euskal Eskola Publikoaren Legea, hain zuzen ere. Jaiotzetik herrena diot, eskola publikoarena izaki, itunpeko sareko eskolok, ikastolok, Administrazioarekiko harreman markorik gabe dihardugulako, lege-euskarri finkorik gabe. Eta iraungita dagoela diogu, 1992an eginiko Eskola Itunerako Akordio Politikoa bost urterako egin baitzen. 1998an haren iraupena luzatu bazuten ere, ez zuten edukirik berritu, eta azken urteotan inertziaz jokatu izan dugu hein batean. Azken hamar-hamabost urteotan Hezkuntza politikari dagokionez inertziaz jokatzen aritu garen honetan, ordea, aldaketa sakon eta nabarmenak gertatu dira, munduan bezala euskal gizartean, hainbat faktorek eraginda: Ezagutzaren eta Berrikuntzaren Gizartearen eta globalizazioaren testuinguruak, IKT-en eraginak, etorkinen etorrerak, krisi ekonomikoak, lege aldaketa esanguratsuak... Horren ondorioz, aldatu egin dira gizarteak Hezkuntzari egiten dizkion eskakizunak. Aldaketa beharra areagotu egin dute hezkuntza gaietan Europako markoaren gidaritzak eta konpetentzietan oinarritutako curriculuma garatu beharrak. Faktore horien guztien zein jendartearen antolamendu orokorraren ondorioz, gizartearen eta hezkuntzaren kohesioa mehatxatzen duen dualizaziorako arriskua eta joera areagotu egin dira. Aipatu aldagaiek aukera berdintasuna eta hezkuntzaren proiekzio soziala kolokan jar ditzakete. Eta, noski, gure hezkuntza arriskuan jartzen dituzten mehatxuak, arestian aipatutakoak, batu behar zaizkie faktore horiei. Egoera horri erantzunez, eta oraindik egitasmoa den Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legeari begira, Ikastolen Topaketak antolatu ditugu astearte honetarako, azaroak 25, EHUren Bilboko Paraninfoan. Artikulu honen goiburu bera hartu dugu topaketa hauen lelotzat, Hezkuntzaz eta legeaz jardungo baitugu, legezkoa eta bidezkoa delako Hezkuntzak marko arautu bat edukitzea; marko arautu bat, baina adostasunez onartutakoa, eta sare guztiak aintzat hartuko dituena. Indarra titulartasunean jarri beharrean, zerbitzu publiko gisa antolaturik, denon partaidetzaz helburu orokorrak bideratzea proposatzen dugu. Horregatik, zerbitzu publikoaren dimentsioa aztertuko dugu topaketa hauetan, definiziotik bertatik abiatuta, zerbitzu ikuspegitik eta lege ikuspegitik. Kataluniako 2009ko Hezkuntza Legea ere aztertuko dugu, inguruan dugun eta gurearen antzeko egoera duen herrialde batekoa izanik. Amaitzeko, abagune honen aurrean ikastolok dugun jarrera ere azalduko dugu, Hezkuntza munduko eragile guztioi dagokigun eginkizuna baita mahai gainean jartzea alde bakoitzak proposatzen duena, ondoren denon artean adosteko herri honetarako nahi dugun Hezkuntza eredu eta legea. Artikuluaren hasieran aipatu ditudan mehatxu, erronka eta aukera horien aurrean erantzukizunez jokatzea dagokigu Hezkuntza munduan gabiltzan guztioi. Erantzukizunez jokatzea, bai, erretratatuta geratuko baikara hartzen ditugun erabakietan, erakusten dugun jarreran, elkarlanerako eta adostasunerako dugun borondatean. Gai oso garrantzitsuak dira, eta, zorionez, gizartean ere eztabaidagai dira. Euskal jendartea Hezkuntzari begira jarria dago; arrazoi bat gehiago, sendoa gainera, guztiok dagokigun erantzukizunarekin, elkarlanarekin eta adostasunarekin jokatzeko.