16 DéC. 2014 Kronika | DIPC zentroaren topaketa Puntako zientzialariak eta ikasleak, berdinetik berdinera Zuek bezalako pertsona bat naiz». Elena Cattaneo Milaneko biologoaren lehenengo hitzek primeran definitzen dute goi mailako zientzialarien eta ikasleen arteko topaketaren izaera. Cattaneo ibilbide profesional ikusgarria ari da osatzen eta, halere, edo agian horregatik, hagitz hurbila eta lurtarra da. Gauza bera erran daiteke Albert Fert Fisikako Nobel saridunaz. Gazteen galderei erantzun eta eurekin nahasi dira biak, zientziarekiko grina transmititu nahian. Maider IANTZI Zientziaren garrantzia eta edertasuna hedatzea da Donostia International Physics Center-ek (DIPC) EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barrenean (Euskampus) antolatutako ekimenaren xedea; gazteei ikerketaren zaletasuna sustatzea eta, lana eginez eta ilusioz jardunez, eurek ere puntako ikerlariak izan daitezkeela erakustea. Elena Cattaneo eta Albert Fert bezalakoak. Lehenak Italiar Errepublikako Zientziaren Saria eskuratu du Medikuntzan, baita Urrezko Domina ere. Biziarteko senatari izendatu dute meritu zientifiko eta sozialengatik. Izugarri atsegin du ikasleekin solas egitea eta nabari zaio hori. Fert fisikari eta matematikari frantsesa da eta Fisikako Nobel saria lortu du magnetoerresistentzia erraldoiak burdin eta kromozko multigeruzetan duen eragina aurkitzeagatik. Atzo goizean Donostiako Eureka! zientzia museoan egin zen topaketa ikusita, seguru han bildutako ia 200 ikasleetatik zientzialari abilen bat ateratzen dela. Izan ere, interes handiz eta gustura parte hartu zuten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 48 ikastetxetako gazteek (horietatik gehienak, 42, Gipuzkoakoak ziren eta hiruna hurbildu ziren Araba eta Bizkaitik). Areto handi batean sartu eta aldez aurretik landutako galderak luzatu zizkieten zientzialariei, pertsonalak, zientziarekin zuzenki lotutakoak zein orokorrak. Ideia ugari atera ziren eta kafe orduan profesional eta ikasleak nahasi eta konfiantza handitu ahala, animatzen eta berotzen joan zen saioa, umore zipriztinez ere bustiz. Nobel sariduna in fraganti harrapatuz ere bai, galderaren bati zer erantzun ez zekiela, pertsona normala dela agerian utziz. Zelula amen biologia ikertzen dabilen Cattaneok adierazi zuen desertua dela zientziaren irudirik onena. «Grinak desertura garamatza, eta bertan, bi aukera ditugu: lasterka ihes egin ala gelditu». Azaldu zuenez, kideekin gaude, ikerketa talde lana baita. Baina ausardia behar da, norabide bat hartu inork ibili ez duena. Aitortu zuenez, porrot ugari izaten dute lanean, baina hurrengo egunean berriro joaten dira laborategira ideia berri batekin. Porrotez hitz egin ohi die ikasleei, beretzat seinale ona direlako, hor egon den eta saiatu den seinale. «Ez baduzu porrotik, ez diozu zure buruari gehiegi eskatzen». Besteen bizitza hobetu Zientziari esker, jendearen bizitza hobetzen dela nabarmendu zuen (oraingoz sendabiderik ez duen Huntington eritasuna ikertzen ari da, pertsona hauei itxaropena emateko), eta bat etorri zen fisikaria. «Hagitz egokia da gizakiaren oinazea arintzeko», azaldu zuen honek, eta zientzian sartu aitzinetik uste zuenaren kontrara, «lan guztiz kreatiboa» dela baieztatu zuen. «Norbere buruan soilik zegoena besteentzako tresna bilakatzea» motibazioa da beretzat. «Ikerketak ateak irekitzen ditu, deskubritzera eramaten gaitu, benetan ederra eta esker onekoa da». «Zer sentitzen da beste inork ez dakien zerbait deskubritzean?», galdetu zioten Donostiako La Salle ikastetxekoek. «Inportanteena ez da lehenengoa izatea, aurkitzea baizik -hasi zen erantzuten-. Ordura arte ideia abstraktua zena zerbait egiazko, konkretu bihurtzen da eta sentsazio bikaina da». Desadostasunez galdetu zioten Irungo Txingudi institutukoek Cattaneori. Esplikatu zuen zientzialarien joera ideia hiltzen saiatzea izaten dela, indartsua ote den ikusteko. «Zientzia esklusiboa dela erraten badizuete, eskatu froga bat, ez sinetsi, ez baita egia» aholkatu zien Italiako senatariak gazteei. Badirela uste dugun harresi horiek egiatan ez daudela agertu zuen eta bere burua jarri zuen adibidetzat. Familia xumekoa, bertako lehen zientzialaria da, grinaren eta lanaren ondorioz. Amaginarreba (hagitz zientziazalea) eta alaba hartuta Milanetik Pragako hitzaldi batera joan eta autoa aparkatu zuenean izan zuen sentsazio ederra oroitu zuen. Ez zuen bere burua halako zerbait egiten imajinatuko. Baina maite dituenak bere grina parteka dezatela saiatzen da, hori da bizitzaren sekretua beretzat. Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea aritu zen moderatzaile, eta «giza abentura» gisa definitu zuen zientzia. Erran zuenez, ongi egiten ikas daiteke soilik ongi egiten dakitenen ondoan arituta. «Etorkizuna zuek egiten duzue», ohartarazi zien ikasleei.