GARA Euskal Herriko egunkaria

Berrindustrializazioa ahalbidetzeko akordioa sinatu dute Candy enpresan

Bergarako lantegiko langileek bost hilabeteko enplegu erregulazioa onartu zuten, birrindustrializazio prozesua sustatzeko helburuz. Gaineratu zutenez, «jubilatzeko adinetik gertuen dauden langileak erretirora era duinean heltzea» ahalbidetzen du akordioak.


Azken ordura arte negoziatzen jardun eta gero, azkenean Bergarako Candy lantegian «berrindustrializazio prozesua ahalbidetzeko» eta «jubilatzeko adinetik gertuen dauden langileak -60 inguru- erretirora era duinean heltzea ahalbidetzeko» akordioa sinatu zuten zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, langileen babesarekin.

Goizean adostutako aurreakordioaren eta ondoren, gauean, sinatutako akordioaren arabera, gainerako langileentzat -80 inguru- aldi baterako etendurako enplegua erregulatzeko espedientea adostu zuten, bost hilabeterako. Behargin talde honen kasuan, langabezia-epea irekiko litzaieke maiatza arte, proiektu berrira eta lantoki berera beste jarduera batekin itzul daitezkeen aztertzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez abiatutako berrindustrializazio prozesua gauzatzeko, eta hortaz, aurreakordio hau behin betiko akordio bilakatzeko, beharrezkoa da «Candyk eta Gipuzkoako Aldundiak lantokia eta lurzoruaren transmisioaren inguruko akordioa erdiestea», azpimarratu zuen batzordeak.

Jardunaldia goizetik hasi zen. Bergarako lantegiko langileek oniritzia eman zioten aurreakordioari -122 pertsonak egin zuten alde; zazpik, aurka, eta bik boto zuria eman zuten-. Hala, enpresa batzordearen ustez, «akordio hau ona da, epaiketaren bideak ekarriko lukeenaren ziurgabetasunaz gain, epaiketaren bideak berrindustrializazioa ezinezko egingo lukeelako».

Akordioak akordio, langileek berdin pentsatzen jarraitzen dute: «Gehiago irabazteko ekoizpena deslokalizatu nahi duen multinazional bat besterik ez da Candy».

Arrazoi honengatik, «lan erreformaren ondorio tamalgarriak» salatu zituen batzordeak. «Aldebakarrez enpresak ixteko aukera ematen du, inolako esku-hartze publikorik gabe», adierazi zuen. Gainera, Lakuako Gobernuaren jarrera ere gogor salatu zuen, «Candyren itxiera onartzen ez zuela esan ondoren, langileekiko konpromisorik ez du hartu», azpimarratuz.

«Zehazki, Candyren kontuak auditatzeko eskaera aurkeztu genion enpresa batzordeak, Candyren irabaziak azaleratzeko, baina eskaeraren aurrean ez digu erantzunik eman. Hori da gurekiko izan duen konpromisoa. Espero dugu, hedabideetan hala irakurri dugulako, berrindustrializazio prozesuari begira bestelako jarrera bat izatea», gaineratu zuten ordezkariek.