05 JAN. 2015 ITSASOA Duke Paoa Kahanamoku: Azken mohikanoa, lehen surflaria He'enalua surfa bilakatzeko, kontrako bi kulturak bat egin behar izan zuten momentu batean. Hawaiiarrek estatubatuarrekin bat egin behar izan zuten. Bi munduak elkartu zituen Duke Paoa Kahanamokuk. Hawaiiko azken hawaiiarra eta lehen iparramerikarra izan zen. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Antzinako hawaiiar eta polinesiarrek egiten zuten He'enalu delakoa surfa bilakatzeko ezinbesteko urratsa egin zuen gizona nor den galdetuz gero, erantzuna garbia da, Duke Paoa Kahanamoku. Orain mende asko olatu gainean egiten zen kirol konplexu haren eta egungo surfaren arteko giltzarria da Duke. Antzinako hawaiiarren azken mohikanoa, eta egun «surf» izenarekin ezagutzen dugun kirolaren aita. Duke Kahanamoku Duke Paoa Kahinu Mokoe Hulikohola Kahanamoku 1890eko abuztuaren 24an jaio zen. David Kalakaua erregea hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago jaio zen, beraz. Tentsio politikoak hiriburua astintzen zuen garai korapilatsuak ziren. Kahanamoku, «Duke» edo «Kahuna handia» bezala ezaguna, surf modernoaren aita dela esaten da. Edo hobeto esanda, surfaren aita, zeren aurrez bere arbasoek egiten zutena ez zen surfa, He'enalu deitzen zuten gauza konplexuago bat baizik. Olinpiar Jokoetan bost medaila irabazi zituen igeri egiten, aktore lanetan ere aritu zen zenbait filmetan, negozio gizona ere izan zen eta politikan ere aritu zen; ez zen etxean geratzekoa, beraz, Duke. Bost anaia eta hiru arreba zituen Dukek, bere aita polizia zen eta bere ama, berriz, erlijio zalea zen. Oso gaztetatik igerilari aparta izan zen, itsaso gizon ezaguna bilakatu zen eta txapelketa ugari irabazi zituen. XIX. mendearen amaiera aldera, misiolariek ia guztiz ezabatua zuten hawaiiarren kirola zen He'enalu delakoa. Gutxi batzuk ziren zurezko taula astunekin olatuetan ibiltzen zirenak. Duke itsasoarekin harreman etengabean zen, igerian ez bazen, olatu gainean zebilen. Urpean edo ur azalean, irlako zoko guztiak ezagutzen zituen. Oinarrizko irakaskuntza amaituta, eskola industrialean hasi zen Duke. Ez zen inoiz graduatzera iritsi, familiak ikasketak ordaintzeko behar adina diru ez zuelako. Gurasoei etxeko gastu anitzak ordaintzen laguntzeko lan egin behar izan zuen Dukek; horrela, egunkariak saltzen, izotza garraiatzen eta zapatak garbitzen egin zuen lan. 21 urte zituela munduko errekorra lortu zuen igeri egiten modalitate librean. Ehun yardako marka 4'6 segundoan hobetzea lortu zuen, baina bidea zehazteko erabiltzen diren buiak oker zeudela esan eta emaitza baliogabetu zuten epaileek. 1912. urtean bandera hawaiiarraren ohoretan historia idatzi zuen Dukek, Stockholmen izan ziren Olinpiar Jokoetan ehun metroko estilo librean urrezko domina irabazi eta 800 metroko igeriketa lehiaketan zilarrezko domina eskuratu zituenean. Munduak heroi berri bat zuen. Herrialde desberdinetara bidaiatu zuen Dukek, igeri egiteko zuen bere estilo propioa erakusteko. «Kahanamoku Kick» (Kahanamokuren ostikada) deitzen zioten hawaiiarraren igeri egiteko estiloari. Egun, «crawl» teknika bezala ezagutzen den igeri egiteko modua zen Dukek egiten zuena. Antza, aurrez iparramerikar batzuek ere antzeko teknika erabili zuten, baina ura mugitzeko modu bortitz hori itsusia zenez, «estilo britainiarra» ez zela esan zuten eta horrela igeri egiteari utzi zioten. Egun «surf» bezala ezagutzen dugun kirola non eta nola hasi zen esateko gertaera zinez garrantzitsua gertatu zen orduan. Surfaren lehen hazia, non eta noiz erein zen esan daiteke. 1914ko urriaren 23an izan zen, Australian, Sydneyko Freshwater hondartzan. Azal iluneko igerilari hawaiiarra bere igeri egiteko teknika erakustera joan zen, baina zurezko taula batekin olatu gainean aritu zen; inoiz munduan izan den lehen surf erakustaldia izan zen, eta horrela, egun «surf» izenarekin ezagutzen dugun kirola ezagutzera eman eta zabaltzeko lehen urratsa egin zuen. Egun, erakustaldi hartan erabili zuen pinuzko taula astuna Freshwater hondartzako surf elkartean aurkitzen da. Artean, Dukek medaila olinpikoak irabazten zituen igeriketa txapelketetan (Anberes, 1920; eta Paris, 1924) eta surfa forma hartzen hasia zen, kirol bilakatzen hasi zen. 30eko eta 40ko hamarkadetan Hollywoodeko filmetan agertu zen Duke, mekanikari gisa lanean ere aritu zen, sorosle lanetan ere bai, eta bere itsasoko ezagutza besteei irakasten saiatu zen. 1925. urtean zortzi pertsonaren bizia salbatu zuen Dukek Kaliforniako uretan. Hollywoodeko zenbait izarrekin Corona del Mar hondartzan zela, itsasoan arazoak zituen ontzi bat ikusi zuten, itsaski handia zen egun hartan. «Thelma» izeneko yatea azpian antzeman zuen olatu batek eta bertan zeuden lagunak itsasora erori ziren. Dukek hiru itzuli egin behar izan zituen talde hartako kide guztiei lehorreratzen laguntzeko. Duke izan zen «Surfing Hall of Fame» titulua eskuratu zuen lehen pertsona, eta baita «Swimming Hall of Fame» titulua ere. Tom Blake eta haren emazte Nadine Alexander ezagutu zituenean etorri zen benetan surfaren sorrera. 1932. eta 1961. urteen artean elkarrekin lanean aritu ziren Blake eta Duke. Tom Blake izan zen zurezko taulen diseinua aldatu eta modelo berriak egiten lehena. Aldaketa horrek He'enaluaren heriotza ekarri zuen, ordura arte taula bat egiteko jarraitu beharreko irizpideak, hein handi batean, kulturalak eta espiritualak baitziren. Usadioak alde batera utzi eta taula «egokiagoak» egiten hasi zirenean hasi zen, beraz, egun surf bezala ezagutzen duguna. He'enaluaren oinarria gizakia eta natura bat egitea zen, olatu gainean zihoan pertsona olatu bilakatzea, fusionatzea. Dukek olatu gainean ibiltzen erakutsi zien amerikar eta australiarrei eta hauek bestelako kultura eta ohiturak zituztenez beren modura ulertu zuten olatu gainean ibiltzeko artea. Aurrerantzean, helburua, olatua menderatzea izango zen eta horretarako taulak egokitu behar ziren. Horra, surfaren sorrera. 1959. urtean, Hawaii AEBetako 50. estatu bilakatu zen eta Duke Hawaiiko «Aloha» enbaxadore izendatu zuten. Hurrengo urteetan neurokirurgia bati aurre egin behar izan zion, baina hala ere, Elizabeth, Ingalaterrako erreginaren amarekin «Hula» dantzatzeko sobera indar bazuela erakutsi zuen. Duke 77 urte zituela hil zen, 1968ko urtarrilaren 22an. Bere errautsak Oahuko olatuetan zabaldu zituzten eta egun han dira oraindik, modu batera edo bestera. Lehorrean, brontzezko estatua bat ere egin zioten, surfak bere lehen urratsak egin zituen hondartza berean, alegia Waikikiko hondartzan.