05 JAN. 2015 Alpinismoa | Mont Blanceko mendilerroa Mistoko proposamen berria Tour Rondeko ipar-mendebaldean Matt Helliker eta Jon Bracey alpinista britainiarrek «Chancer» izeneko marra edo aldaera berria zabaldu dute. Guztira, bost luze dira, guztiak ala guztiak mistokoak; gogorrena, berriz, M6 zailtasunekoa. Protagonistek diote klasiko bihur litekeela. Andoni ARABAOLAZA Matt Helliker eta Jon Bracey Britainia Handiko goi mailako alpinistak dira. Alabaina, Alpeetako txoko ugari ezagutzen dituzte; izan ere, hango mendietan hilabete asko egiten dituzte mendi gidari lanetan. Eta sokada horren azken jarduera aipatutakoaren isla da. Mont Blanceko mendilerroan gustura jarduten dute, eta eskura-eskura dute mendi horietan dauden baldintzen gaineko informazioa. Hori baliatuta, Hellikerrek eta Braceyk mistoko marra edo aldaera berria zabaldu berri dute Tour Rondeko ipar-mendebaldeko aurpegian. Ez da metro askoko proposamena; izan ere, 250 metro eta bost luze ditu. Guztiak ala guztia mistokoak, eta protagonisten esanetan, ederrak. Bide berriari «Chancer» izena jarri diote, eta marraren giltzak M6 zailtasuna du. Aipatu dugu bide edo aldaera berria dela. Horren inguruan ez dute zehaztasun handirik, nahiz eta Chamonixeko adituek dioten bost luze horiek berriak direla. Egun haizetsua Bi alpinista britainiar hauen proposamenak pasa den abenduaren 20an gauzatu ziren. Goizean goiz jarri ziren martxan; hain zuzen ere, lehen urratsak eskiekin Helbronner-eko estaziotik abiatuta egin zituzten. Ipar-mendebaldeko haizeteak, zerua lainotu samar eta oso tenperatura hotzak zituzten. Aldez aurretik aztertutako xedea aurrez aurre zuten; hots, diedro sistema erakargarri bat, eta horren erdian izotz xafla fin-fin bat. Nahiz eta haizeteek batere lagundu ez, bi protagonistok aise gainditu zituzten lehen luzeak. Hellikerrek laugarrenari ekin zion; bidearen giltzari, hain zuzen ere: «55 metro luze da, ederra baino ederragoa. Izotza oso fina zen, eta bi zulo txikitan pioletekin egindako mugimenduak ondo neurtu behar izan nituen. Uste dut luze hori M6 izan daitekeela». Alpinistok azken luzea eskalatu eta lepo batera heldu ziren: «Uste dugu amaiera zentzuzkoena zela. Gainera, ondoan `Rebuffat' korridorea dago, eta guk marra hori aukeratu genuen jaisteko. Ez dakigu marra berria den edo ez, baina argi dugu ingurumari horretan mistoko marra bat eskalatzeko aukera polita dela. Horretaz gain, neguan sartu gara dagoeneko, eta garai honetarako uste dugu klasiko ere bihur daitekeela». Proposamena Matt Helliker eta Jon Bracey alpinistek mistoko marra berria, «Chancer», zabaldu berri dute Tour Rondeko ipar-mendebaldeko aurpegian. M6. Guztira, 250 metro eta bost luze ditu. Marraren giltza laugarren luzea da, eta protagonistek diotenez, M6 zailtasuna du.