06 JAN. 2015 PILOTA Binakako txapelketa Irabazten hasteko garaia Altuna III-Merino II eta Artola-Albisu bikoteek txapelketako lehen puntua eskuratu nahi dute gaur Tolosan. Jon ORMAZABAL Binakako Txapelketa oso luzea da eta hirugarren jardunaldian finalez hitz egiteak gehiegizkoa dirudien arren, Altuna III-Merino II eta Artola-Albisu bikoteek oso partida garrantzitsua jokatuko dute gaur arratsaldean sarrera bikaina izango duen Tolosako Beotibar pilotalekuan. 22ra iristen ez den bikoteak hirugarren partida galduko du jarraian, eta horrek sailkapenaren azken postura eramango ditu, Olaizola II.arekin eta Beroizekin batera. Bikote nafarra berandu baino lehen irabazten hasiko dela jakinda -Artolak eta Albisuk igandean jokatuko dute euren aurka Zumarragan, Ibai Zabalak min hartuta dagoen Uhartekoaren lekua hartuko duelarik-, arrisku handi xamarrak hartzea esan nahiko luke. Irabazteko presarik gehien, ordea, Jokin Altunak izan lezake, gaur arratsaldekoa denbora batean bere txapelketako azken partida izan daiteke eta. Beotibarren bertan lehen jardunaldian min hartu zuen Xalaren lekua hartu zuen Amezketako aurrelari gazteak eta badirudi Lekuinekoa larunbat honetan Martinez de Irujo-Barriolaren aurka jokatzeko moduan izango dela. Hala iragarri du behintzat bere enpresak asteko programazioaren berri ematerakoan. Gauzak horrela, aurreko igandean Bengoetxea VI.aren eta Aretxabaletaren aurka galdu ostean, gaurkoa aukera aparta izango luke garaipen batez erakusteko bere enpresako teknikariei txapelketan lekurik baduela. Bide batez, Iñaki Artolarekin Promozioko Lau eta Erdiko finaletik duen arantzatxoa kentzeko aukera bikaina ere izan daiteke. Afizionatuetako azken urteetan elkarren aurka sarritan jokatu ondoren, profesionaletako ibilbidea ere ia elkarrekin egiten ari dira Tolosaldeko bi pilotari hauek eta ziur gaur ere jende dezente hurbilaraziko dutela horren kuttuna duten Beotibar pilotalekura. Atzeko lehia gogorra Baina ia gehienetan gertatzen den bezala, partidaren giltza atzeko koadroetan gertatzen denaren baitan egongo da eta David Merino eta Jon Ander Albisu izan beharko dira euren aurrelariei luzitzeko aukerak sortu beharko dizkietenak. Eta hor topa genitzake bi bikote hauek zero garaipen eramatearen arrazoi asko. Egia da Xalaren lesioaren erruz galdu zutela lehen partida Aspekoek, baina Villar de Torreko atzelaria ez dago bere sasoirik onenean. Pasa den igandean hobekuntza txiki bat izan zuen arren ez zen nahikoa izan eta Jon Ander Albisuren kasuan, beti bezala, galdutako pilotetan dago gakoa. Alde horretatik, Tolosako pilotalekua egokia da ataundarrarentzat. ALDAKETA. Mikel Beroizen eskuin eskuak minduta amaitu zuen larunbatean Iruñean, eta Ibai Zabalak hartuko du bere lekua igande honetan Zumarragako Beloki pilotaleku granatean jokatuko den partidan.