GARA Euskal Herriko egunkaria

Kutxek jasotako kexa gehienak mendeko finantza ekarpenengatik izan dira

Kontsumobidek kutxen inguruko 628 kexa jaso zituen 2014ko lehenengo hamaika hilabeteetan. Horietako ia %37 mendeko finantza ekarpenengatik (%20) -produktu horretan dirua inbertitu eta ondoren berreskuratu ezin izan dutenak- eta komisioengatik (%17) izan dira.


Kutxek eskaintzen dituzten zerbitzuei buruz iazko azaroa arte herritarrek egin dituzten erreklamazioen inguruko datuak eskaini zituen atzo Kontsumobidek, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Kontsumoko Institutuak. Lakuako Gobernuaren esku dagoen erakundeak adierazi zuenez, EAEn 628 kexa jaso ziren 2014ko lehenengo hamaika hilabeteetan, eta horietako ia %37 mendeko finantza-ekarpenengatik (%20) eta komisioengatik (%17) izan ziren.

PSEk Parlamentuan egindako galdera batengatik azaldu zituen datu hauek Lakuak, idatziz. Hala, 2014ko azaroaren 17 arte Kontsumobiden jasotako datuen arabera, 628 kexa horietan %20k zerikusia du mendeko finantza ekarpenekin. Hobeto ulertzeko, arriskua duen finantza produktu honengatik kaltetuak izan diren bezeroen erreklamazioak izan dira. Hau da, produktu horretan inbertitutako dirua berreskuratu ezin izan duten bezeroen kexak.

Bestalde, Kontsumobiden aurkeztutako erreklamazioetan, bigarren arrazoi nagusia kutxek euren bezeroei kobratzen dizkieten komisioak izan dira. Halakoak izan dira kexen %17.

Baina bi hauek ez dira Kontsumobiden aurkeztu ziren kexak eragin dituzten arrazoi bakarrak. Herritarrek euren ondoeza azaldu zuten kutxek dituzten hutsuneekin (kasuen %15,5), kredituen «lurzoru» edo «sabai» klausulekin (%12,7), hipoteka maileguekin (%11) edota txartelekin (%5,7).

Informazio urria

Gainera, kexen %2,7 kontu korronteengatik izan da, %1,75 informazio urriarengatik gertatu da, eta %0,96 publizitate engainagarriarengatik. Kontsumobidek erreklamazioen %25 baino zertxobait gehiagoren erantzunak aztertu behar ditu oraindik; kasuen %24, aldiz, artxibatuak izan dira, erabiltzaileek ez dutelako beharrezkoa zen dokumentazioa aurkeztu.