09 JAN. 2015 KOLABORAZIOA Urratsez urrats etxean izan arte Ante tanta cerrazón, dispersión y aislamiento, no queda más remedio que dar pasos para que esta situación acabe para siempre y obligar a los que siempre alardearon de que la democracia sabría ser generosa a que inicien el camino que acabe en la liberación de los presos Abiapuntutik -egungo egoera- helmugara iritsi ahal izateko bidea urratsez urrats egin beharko dugu. Urratsik egin gabe ezin biderik egin eta biderik gabe sekula ezingo gara helmugara iritsi Maialen Etxeberria, Aitor Anda, Mikel Button eta Irati Sienra Ernai-ko kideak Munduan zehar milaka dira, gai politikoak direla medio, kartzelan bahituak diren iraultzaileak. Euskal herrian ere badugu horren berri. Kasik 500 kide dira egun frantziar zein espainiar estatuen aginduz kaioletan kateatuta daudenak. Gure herrian, munduko beste hainbat txokotan gertatu lez, zapalketa nazional zein sozialean oinarritutako gatazka bat bizi dugu eta preso zein iheslari politikoak gatazka horren parte aktibo eta ondorio dira. Hori horrela, gatazka beraren konponbidea gauzatu ahal izateko ezinbesteko agente dira. Izaera politikoa, alabaina, ukatua zaie, gatazkaren izaera politikoa ukatua den modu berean. Ukazio hori da hain zuzen, gatazka desitxuratu, erroko arazoa iraunarazi eta garaileen postua eskuratzeko etsaiak diseinatutako estrategiaren gakoa. Estrategia horrek gatazkaren zio politikoak eztabaida gunetik, eta ondorioz iritzi publikotik, desagerrarazi eta «terrorismoaren» ideia gailentzea izan du helburu gatazkaren izaera eraldatuz; gatazka armatua, «guztia da ETA», «ETArik gabe bakean biziko gara»... Begirada guztiak talde armatu baten existentzian paratu ditu. Nork eta herri honen zapalkuntza ahalbidetzeko kriminalizazioa, errepresioa, indar armatuak, bortizkeria, tortura eta bereziki beldurra erabili dituenak eta egun darabiltzanak. Herri honek, ordea, bere etorkizuna erabakitzeko hautua egina duen honetan, gatazka politikoaren konponbidea ahalbidetzeko ezinbestekoa da gatazkaren muinera jotzea eta gatazkaren parte eta ondorio diren agente guztiak aintzat hartzea; ezinbestekoa ere, beraz, preso politikoen aitortza eta parte hartzea. Arrazoiak arrazoi eta esanak esan, ordea, preso politikoen existentzia praktikan errealitate bat da. Estatuak eurak dira euskal preso politikoei izaera berezitua ezartzen dietenak, salbuespenezko espetxe politika kriminalaren bidez. Mendekua eta presoen agente izaera deuseztatzea beste helbururik ez duen espetxe politika, ukatu arren, oraindik ere bizi-bizirik dagoen gatazka politiko bat existitzen den -eta estatuak horren jakitun diren- froga garbia da. Kontziente gara espainiar zein frantziar estatuan jopuntuan den eta izan den herritar oro bere izaera iraultzailearen ondorioz izan dela; hau da, herri aske baten alde eta bestelako eredu bat eraiki asmoz bere konpromisoa agertu duen pertsonak direla. Baina jakitun gara, bestalde, ukazioa etsaiak gatazkaren muina ikusezin bihurtzeko eta egungo egoera iraunarazteko duen estrategia izaki, horrekin amaitzea behar beharrezko dugula. Bide horretan ere herria izango da bere borondatez eta konponbide egarriz estatuen immobilismoa apurraraziko duena. Borrokaz, etxean hutsik diren aulkiak berriro beteko dituena. Arrazoi sinple bezain sendo horregatik azken preso eta iheslaria etxean eta libre izan arte borrokan jarraituko dugu. Arrazoi faltsu baten baitan eraiki dute gatazka desitxuratu eta egungo errealitatea betikotzeko diskurtsoa. Gezurrak, ordea, hankak motzak ditu. Azken urte hauetan Euskal Herrian konponbidearen aldeko oihuak hazi dira eta estatuek horren aurrean entzugor egin ez ezik, espetxe politika gogortu dute, presoentzat ez ezik, senide eta lagunentzat ere egoera krudelagoa bilakatuz. Egoera honen aurrean, baina, zer egin dezakegu? Nola egin urratsak estatuen jarrera ikusirik? Lehenik eta behin, lehentasunezko gaitzat hartuz. Ezin dugu pentsa zelda guztien ateak irekiko diren egun bat iritsiko denik. Argi behar genuke jada giltzarrapoaren jabe denak ez duela halakorik egiteko inolako asmorik. Guk gure borroka eta urratsak hausnartu eta egiten ditugun moduan, gure kartzelero direnek ere badute euren bideorria. Hau, ordea, ez da etsipenerako motibo bilakatu behar; horixe da, hain zuzen ere, etsaiak lortu nahi duena! Gure hautua argi badugu, hau da, guztiak etxean izan arte bideari ekiten jarraitzea, egun bakarra, bi edota hiru luzatzea ez da gure kezka nagusi izan behar, bide horren diseinua eta garapena baizik. Hau argi izanda egungo testuingurutik helmugarako bideari ekin behar diogu. Helmuga badakigu zein den, baina horrek ez digu bertara iristea ahalbidetzen. Abiapuntutik -egungo egoera- helmugara iritsi ahal izateko bidea urratsez urrats egin beharko dugu. Urratsik eman gabe ezin biderik egin eta biderik gabe sekula ezingo gara helmugara iritsi. Beraz, berandu baino lehen, ekin diezaiogun lehen urratsari; sakabanaketarekin amaitzea. Honek helmuga ahazten dugula esan nahi al du? Nondik gatozen eta nora joan behar garen baztertzea? Sakabanaketarekin amaitzean, kito? Ez horixe! Galdera hauen aurrean argi izan behar ditugu bi kontu; batetik, helmuga aurretiaz zehaztua dugula eta horretara goazela, eta bestetik, gu geu, gutako baikoitza, dela berme, urratsak urrats gisa ulertu eta helmuga beti presente izateko. Honela, sakabanaketarekin amaitzea pauso estrategiko gisa ulertu behar dugu; besteak beste, salbuespen neurrien tontorra delako eta preso politikoen kolektibo zein agente izaera suntsitzea helburu duelako. Gaurdanik, beraz, estatuen itxikeriaren aurrean euskal jendartea dispertsioaren aurka aktibatzea beharrezkoa da guztion determinazioz salbuespen politika urratzeko. Ez da erronka makala! Urrats hau gazteok ere geure egin behar dugu eta geure auzo, herri zein bestelako esparruetan egiteko konpromisoa hartu. Nondik hasi? Lehen deialdia egina da jada; Urtarrilaren 10ean Bilboko kaleetan elkartuko gara.