10 JAN. 2015 Aizkora | Urrezko lehiaketa Gazteei ere iritsi zaie euren balioa erakusteko aukera Beizamako pilotalekuan izango da saioa, bihar, 12.00etatik aurrera. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Bigarren Mailako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, 12.00etan, Beizamako Ilaunpe pilotalekuan. Hiru bikote neurtuko dira, eta aizkolari gazteak ikusi ahal izango dira bertan, denak gazteak izango baitira. Eneko Otaño eta Eneko Saralegi, Jokin Alkizalete eta Julen Alberdi, eta Juanillo Rodriguez eta Aritz Irazabal izango dira aurrez aurre arituko direnak. Lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta denetan denborarik onena lortzen duen bikoteak lortuko du garaipena, nahiz eta hasiera batean denak sailkatuko diren. Apustu berria Apustuek indarra hartu dute azken urte hauetan, eta badirudi aurten ere gauzak bide beretik joango direla. Bide horretan emakumeak ere sartzen hasi dira, apustu misto bat egin baitute Irati Astondoak eta Alatzne Etxaburuak. Datorren ekainaren 7an neurtuko dira Zizurkilen, eta, hasteko, bakoitzak lau 45 ontzako enbor ebaki beharko ditu, eta ondoren ordubete egin arte segan aritu beharko dute. Belar kilo gehien ebakitzen dituenak lortuko du garaipena. Alde bakoitzak 2.000 euro jarriko ditu jokoan.