GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

«Costa Da Morte»: Axi Muniainen azken urteetako lana bilduko duen dokumentala

Azken urte hauetan Europako olatu handi eta bortitzenak bilatzen aritu da Axi Muniain zarauztarra. Azken urteetan Galizian izan da eta han hartu ditu beste inork inoiz hartu ez dituen olatuak. Orain bildutako irudiekin dokumental bat egiten ari da, «Costa Da Morte».


Axi Muniain olatu handietako surflariak proiektu berri bat du esku artean. Zortzi urtez Europan zehar olatu handienen peskizan ibili ostean, Galizia hautatu zuen azken itsaski indartsuenetan urautsi berriak ikertzeko.

Bildutako irudiekin dokumental bat egiten ari da eta horretarako babesleak beharko ditu, baina lehen urratsa jada egin du zarauztarrak; iragarpen bideo bat kaleratu du ideiaren nondik norakoak agertu eta ze nolako irudi ikusgarriak dituen erakusteko.

Zinez interesgarria dirudi egitasmoak, ez bakarrik kontatzen den istorioak duen potentzialagatik, baita gidoia osatzeko Axik hautatu duen ezohiko ikuspegiagatik ere. Olatuak eta surfa bai, baina lekukoen kultura, kirol honen sustraiak eta abentura uztartzen ditu lan berriak. Uhinez harago begiratzen jakinez gero, surflariak mundu zoragarri bat aurki dezakeela frogatzeko saialdi duina da «Costa Da Morte».

Europan, eta batez ere Euskal Herrian, olatu handiak uretako motoen laguntzaz hartzen hasi zirenean itzelezko irudiak hartu zituzten argazkilariek. Planeixa edo Belharran hartutako olatu handiek munduari buelta eman zioten eta beste kontinenteetako surflariak Europa olatu handietarako eremu aproposa izan zitekeela pentsatzen hasi ziren.

Iparramerikarrak, ordea, ez zeuden prest beraienak bezalako olatuak gurean izan zitezkeenik onartzeko. Nazaren (Portugal) hartutako olatu erraldoien ostean ere, bazuten aitzakiarik; izan ere, olatu handiak bazirela baieztatzen zuten, baina Maverikseko olatuak (Kalifornia) bezalakoak, handiak eta bortitzak, ba al ziren galdegiten zuten.

Axi Muniainek beti izan du garbi Europak olatu handietarako Amerika iparraldeak edo hegoaldeak eskain dezakeen potentziala izan dezakeela, eta azken urteak hori frogatzeko buru-belarri lanean aritu da.

Tony Butt ozeanografo ospetsuarekin hitz egin zuen aspaldi. Europako eta ia mundu osoko kostaldeak bikain ezagutzen dituen ingeles hau baino pertsona hoberik ez dago olatu handiei buruzko edozer galdegiteko; beraz, aholkulari hoberena hautatu zuen Axik behar zuen informazioa jasotzeko.

Tonyk garbi esan zion Axiri, «itsaski handienak hartzeko aukera handiena ematen duen kostaldea Irlandako ipar-mendebaldekoa da». Gauzak horrela, behar zuen guztia soinean eramateko kamioi handi bat erosi eta hara jo zuen zarauztar abenturazaleak.

Irlandan oso olatu handiak hartu zituen Axik, leku berriak ezagutu eta zenbait urautsi ezagutarazi zituen. Bertakoen errespetua lortu eta laguntasun harreman sendoak eraiki zituen han, baina logistika osoa soinean eramateak sortzen zizkion gastuei aurre egitea nekeza zen eta etxetik gertuagoko beste eremu batzuk ikertzen hasi zen.

Azkenengo lau urteetan Galiziako kostaldean izan da, bertako lurmutur, senote eta lajak aztertzen. Itsaski handiekin ez, baina itsaski erraldoiekin olatu ederrak izan zitezkeen urautsi posibleak identifikatu zituen lehenik eta behin, eta hori egin ondoren, urteko itsaski handienekin olatu haiek hartzea posible zen probatzera itsasoratu zen.

Inork inoiz surf egin ez duen lekuetan aritu da Axi surfean. Olatu zinez arriskutsuak hartu ditu eta olatuaren altuera bakarrik ez, zabalera eta indarra ere hartu ditu kontuan. Beraz, kantitateak bakarrik ez, kalitateak ere pisu handia izan du urautsiak hautatzeko orduan.

Munduko beste edozein zokotan hartu izan diren olatu bortitzenekin alderatu daitezke Axik Galizian hartu dituenak, eta, beraz, Europa olatu handietarako lurralde aproposa dela frogatu du beste behin ere zarauztarrak.

Azkenengo bi urte hauetan, gainera, Galea lurmuturrean egin dituzten munduko olatu handien txapelketei esker munduko olatu handietako surflari onenak izan dira Euskal Herrian, eta bertako olatuek duten potentziala bertatik bertara ikusi ahal izan dute. Esaterako, Meñakoz, Izuztarri eta Avalanche urautsietan malda amaigabeak jaisten ikusi ahal izan ditugu eta beraien ahotan entzun ahal izan dugu gure kostaldea olatu handiak hartzeko leku bikaina dela.

Orain egindako lanari forma eman eta dokumental bat argitaratu nahi du Axik, eta horretan dabil. Dokumentalak, ordea, surf filmetan oso ohikoak ez diren osagaiak ditu. Urautsien bila eta olatu beldurgarrien gainean ateratako irudiez gain, surfa hori bakarrik ez dela erakutsi nahi du Axik, eta bestelako osagaiak ere aintzat hartu ditu. Lekuko kultura, kasu. Bere esanetan, Galizian etxean bezala sentitu da beti, harreman bikaina du bertako jendearekin, eta haien kultura interesgarria bezain maitagarria da; horrenbesez, dokumentalean hori guztia irudikatzea «haiei eskerrak emateko modu bat ere bada».

Urautsiak eta olatuak batetik, inguruko jendea eta kultura bestetik, eta azkenik, surfaren berezko izaera dira «Costa Da Morte» dokumentalak uztartu nahi dituen gaiak. Surfaren industriak ekarri dituen abantailekin batera, kirol honen esentziari egindako kaltea ere aipatzen du Axik, benetako surfa zer den, inork zalantzarik izan ez dezan.