12 JAN. 2015 Pilota Berezkoen Buruz Burukoa Gazteen arteko neurketek emango diete amaiera bigarren kanporaketei J.L. Berezkoen buruz Buruko Txapelketako bigarren kanporaketei amaiera emango zaie, eta gazteek hartuko dute protagonismo osoa, lanean arituko diren lau pilotariak gazteak baitira eta profesionaletara iritsi berriak. 16.00etan hasiko da jaialdia Donibane Garaziko Garat trinketean. Lehen kanporaketan Intxauspe eta Bilbao izango dira aurrez aurre. Azken honentzat bigarren kanporaketa izango da, pasa den astean aurrenekoa irabazi egin baitzuen, 40 eta 27 Etxeberriren aurka. Superprestigioan ere Ezkurra finalerdietan finaletik kanpo uztetik oso gertu egon zen; beraz, gaur bera aterako da faborito. Intxauspe oraindik gaztea izan arren, urte batzuk badaramatza onenekin lehiatzen, eta eskarmentu aldetik ere nagusi da, baina beregan zeuden itxaropen asko itzali ere egin dira, eta gaur ez du dirua bere alde izango, Bilbaorengan baitaude orain itxaropenak. Bigarren kanporaketan Lamoure eta Elgart jardungo dira elkarren aurka. Lehenengoarentzat lehen txapelketa da, baina bigarren kanporaketa jokatuko du, pasa den astean irabazi egin baitzuen Jannotsen aurka, eta oso erraz gainera, itxura oso ona emanez. Elgartek, berriz, bigarren urtea du, baina aurtengoan jokatuko duen aurreneko partida. Lehen kanporaketako irabazleak Laurent Lanberten aurka jokatuko du datorren larunbatean Baigorrin, eta bigarren neurketako garailea, berriz, Bonebeltxerekin neurtuko da datorren igandean, Donapaleuko Saint Jaymes trinketean.