17 JAN. 2015 Harri-jasotzea Etxeberriak markak egiten jarraitu nahi du J.L. Idoia Etxeberriak marka ahalegina egingo du; azken hiru hilabetetako laugarrena izango du oriotarrak. Bihar eguerdiko hamabietan izango da hori, Aiako probalekuan. 138 kiloko zilindro zaharra erabiliko du saioan. Etxeberria bost minutuan arituko da harri horrekin. Inoiz emakume batek jaso duen zilindro zaharrik astunena jaso nahi du. Indartsu dago Idoia, eta marka eder bat egingo duen itxaropen osoa dago. Bihar eguerdian Aiara joaten direnek, ordea, ez dute bera bakarrik ikusiko; beste hiru harri-jasotzaile ere arituko dira marka pertsonalak egiteko asmoz, eta horietako bi berri-berriak dira, erabat ezezagunak. Jokin Eizmendi, egungo harri handien Euskal Herriko txapelduna, arituko da lanean, eta garai batean txapelketa honetan erabiltzen ziren harriekin egin nahi du marka. Horretarako, 225 kiloko errektangularra, 200eko zilindroa, 175eko kubikoa eta 150eko bola erabiliko ditu. Bakoitzarekin bi minutu izango ditu lanean aritzeko. Berrien artean arituko dira Illarramendi aiarra eta Maiza andoaindarra. Lehenak 163ko harria erabiliko du, eta horrekin aritzeko bost minutuko txanda bat izango du. Maiza andoaindarra, aldiz, 150 kiloko zilindro zaharrarekin arituko da, eta honek ere bost minutuko txanda bakarra izango du saioa burutzeko. Bien helburua ahalik eta markarik ederrena egitea izango da.