Andoni ARABAOLAZA
Alpinismoa «Starlight and storm» xedea

Badile eta Cima Grande bakarka eta neguan

Alison Hargreaves alpinista handiaren seme Tom Ballardek bi mendi horien ipar hormak igo ditu. Antza denez, amaren urratsei jarraitu eta Alpeetako beste lau ipar horma klasiko igotzea du helburu.

Ezbairik gabe, Alison Hargreaves alpinista handia izan zen. Emakumezko eskoziar honek curriculum itzela sinatu zuen. Everest mendia, adibidez, oxigeno artifiziala erabili gabe eta xerpen laguntzarik gabe 1995. urtean igo zuen. Munduko hiru mendi garaienak patrikan sartu nahi zituen. Everest sinatu ondoren, handik hiru hilabetera, K2 mendira joan zen. Tontorra zapaldu zuen, baina jaitsieran hil egin zen.

Zortzimilakoetan bikain jarduten zuen, baina Alpeetan ez zen atzean geratzen; izan ere, denboraldi batean sei ipar horma esanguratsuenak eskalatu zituen: Eiger, Grandes Jorasses, Matterhorn, Petit Dru, Piz Badile eta Cima Grande di Lavaredo.

Bada, haren seme Tom Ballardek badirudi amaren urratsei segitu nahi diela. Eta hori diogu, Ballardek negu honetan Piz Badile eta Cima Grande di Lavaredo bakarka igo dituelako. Protagonista honek aurreratu duenez, bi igoera horiek «Starlight and storm» izeneko xede baten barruan kokatu ditu. Eta badirudi aipatu ditugun beste lau ipar hormak buruan dituela.

Dagoeneko bi

Hargreavesen semearen lehen helburua Cima Grande di Lavaredoko «Comici-Dimai» bidea izan zen. Pasa den abenduaren 21ean erdietsi zuen. Hori izan da «Starlight and storm» izeneko xedearen lehen erronka.

Bigarrena, berriz, Piz Badile izan da, eta Ballardek eskalada horretarako «Cassin» bide klasikoa aukeratu zuen. 25 urteko gazteak adierazi duenez, hilaren 6an martxan jarri zen: «Bide klasiko horretan lehen mugimenduak 08.00etan eman nituen. Ia etenik gabe eskalatu nuen, baina gauak harrapatu ninduen. Zorionez, erlaitz bat aurkitu eta han pasatu nuen gaua. Ezusteko ederra hartu nuen, besteak beste, gau osoa eroso igaro nuelako. Biharamunean, zortzietan gutxi gorabehera, berriro eskalatzen hasi nintzen. 13.30ean gailurra jo nuen».

«Cassin» bidearen lehen neguko eta bakarkako igoera Rossano Liberak sinatu zuen. Hori 2008. urtean izan zen. 1981ean, aldiz, Dante Portak lehen igoera hori «aldarrikatu» zuen, baina aurkeztu zituen frogak ezbaian jarri ziren, eta esan bezala, benetako lehen igoera Liberarena da.

Modu horretara Hargreavesen semeak bi helburu horiek sinatu ditu. Baten batek esan dezake «hirugarren» bat ere baduela; izan ere, Eigerrena amaren sabelean egin zuen. Datu bitxia da, haurdunaldiaren seigarren hilabetean Hargreavesek Eigerreko ipar horma eskalatu zuelako. Alpinista eskoziarrak zur eta lur utzi zuen jendea, eta kritika batzuk ere jaso zituen murru hori umedun zegoela eskalatu zuelako. Antza denez, semeak amaren urratsak egin nahi ditu.