24 JAN. 2015 SOKATIRA Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketa Abadiñok lortutako txapela ez zuela kasualitatez lortu erakusten saiatuko da hemendik aurrera J.L. Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da Mungiako pilotalekuan, 17.00etan hasita. Pasa den astean ekin zitzaion lehiaketa honi, 680ko finala jokatuz, eta gaur 640ko mailari emango zaio hasiera. Hemen hiru jardunaldi izango dira. Lehen biak ligaxka moduan jokatuko dira, eta gero sei onenek finala jokatuko dute. Emakumeek jai izan zuten aurreneko egunean, baina horiei ere iritsi zaie lanean hasteko tenorea. Ñapurrak, Zuraide, Abadiño A, Abadiño B, Ibarra, Sokarrola Murueta eta 6 Conceyos arituko dira nor baino nor. Pisaketaren ostean egingo den zozketan erabakiko da bakoitza non arituko den. Horrela multzo bakoitzean ligaxka jokatuko da, denak denen aurka, eta horren ondoren bakoitzeko postuaren arabera, beste multzokoarekin neurtu beharko dute, postuak finkatuta uzteko. Badirudi pisu honetako faboritoak Abadiño eta Ibarra izango direla. Pasa den astean Abadiñok jantzi zuen txapela eta ikusi beharko da ea bide beretik jarraitzen duen. Dena dela bi jardunaldietako helburua ez da izango saio bakoitza irabaztea, finalerako txartela ziurtatzea baizik. Horrekin azkeneko ekinaldian ikusiko baita zein den onena. Zazpi talde izango dira Euskal Herrikoak, eta bat espainiarra, azken urte hauetan 6 Conceyos talde asturiarra hemen ari baita lehiatzen. Pasa den astean ere izatekoa zen, baina ez zen aritu, eta ikusiko da gaur etortzen diren. Neskek ere lanari ekin beharko diote gaur arratsaldean. 405eko mailan jokatu beharko dute. Gaztedi, Ibarra eta Badaiotz izango dira aurrez aurre arituko diren taldeak. Hirurak ere oso maila handikoak dira, eta hiru talde bakarrik direnez, hiru jardunaldiko ligaxka jokatu beharko dute, eta horien ostean punturik gehien dituen taldeak eramango du txapela. Badirudi Ibarra izan daitekeela faboritoa, baina beste biak ere oso arriskutsuak dira, eta berdinketaren bat edo beste izatea ere ez litzateke arraroa izango. Ligaxka laburra da eta hasieratik irabazten hastea komeni da.