27 JAN. 2015 Binakako Txapelketa Altunak beste ezusteko bat eman nahiko du Idiazabalen Xalak ez jokatzeko baimena eskatu dio Asperi eta amezketarrak ordezkatuko du berriz ere larunbatean. Asier AIESTARAN Jokin Altuna izan da Binakako Txapelketaren seigarren jardunaldiko protagonista nagusietako bat, Miguel Merinorekin batera sekulako ezustea emanez: Olaizola II.a-Beroiz bikotea mendean hartu zuten Logroñon. Eta zazpigarrenean ere protagonista izateko aukera izango du, Xalaren ordez jokatuko baitu larunbatean Idiazabalen, Ezkurdia eta Zabaleta liderren kontrako neurketan. Aspek atzo jakinarazi zuenez, Xalak asteburu honetan ez jokatzeko baimena eskatu zuen, bere aita igandean zendu zela-eta. Eibarko enpresak eskaera onartu eta haren ordez Altuna III.ak jokatzen jarrai dezala erabaki du. Ikusi egin beharko da atzelari moduan David Merino izango duen, azken hiru neurketak galdu dituen titularra, ala bere anaia Miguelek ordezkatuko duen, azken hiru asteetan gertatu den moduan. Aurkariak orain arte partidarik galdu gabeko Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta izango diren arren, argi dago aurrelari amezketarrak eta atzelari errioxarrak, edozein dela ere, bikote arriskutsua osatuko dutela. Altunak sei partida jokatu ditu jada Txapelketan, eta horietatik bi irabazi ditu, Irujo eta Olaizolaren kontra, hain zuzen. Baina galdu dituen lauretatik bitan ere lan handiak eman dizkie aurkariei: 19 tanto egin zituen Bengoetxea eta Ibai Zabalaren aurka eta 17, Berasaluze eta Zubietaren kontra. Aipagarria da emaitzarik kaskarrenak Artola eta Albisuren kontrako partidetan lortu dituela: 10 tantoan geratu zen bosgarren jardunaldian Ceciliorekin eta 9an hirugarrenean Merino II.arekin. «Ikaragarri jokatu dugu» «Aurrekoan Irujori irabazi nion eta gaur Aimarri. Irabazi bakarrik ez gainera, 22-9ko emaitza lortuta. Ikaragarri jokatu dugu eta sekulako ilusioa egin dit», aipatu zuen Jokin Altunak larunbatean Adarragako norgehiagoka bukatu berritan. Bere sentipenak bi aste lehenago Labriten izandakoen antzekoak ziren: orain gutxi arte telebistan ikusten zituen bere «idolo» horiei kantxan gain hartzearenak. «3-1 galtzen hasi gara, baina bagenekien guk zer joko egin beharra geneukan. Aimarren kontra bukatu beharra daukazu; bestela berak harrapatzen du aurrean eta berak egiten du tantoa. Partida ederra egin dugu, Miguelek ikaragarri dominatu du eta nik asmatu egin dut aurrean. Oso pozik nago», gaineratu zuen Amezketako aurrelari gazteak. Izan ere, egundokoa behar du 18 urte dituen eta profesionaletan zazpi hilabete eskas daramatzan pilotari batentzat horrelako esperientziak bizitzeak. Labriten Irujori irabazi ondoren lurrean belaunikatu zen, egin zuena sinetsi ezinik bezala, eta Logroñon sekulako besarkada eman zion Miguel Merinori, frontoian bildu ziren errioxarrentzat garaipen horrek zuen garrantziaz jabetuta. Zaleek «Altuna es riojano» ere abesten zuten harmailetan. Asteburu honetan etxetik askoz gertuago jokatzeko aukera izango du, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, eta bere zaleen aurrean ere itxura ona eman nahiko du seguru. Sanblasetako Mozorro Egunean, jaialdia 17.30ean hasiko da eta ez da telebistaz ikusi ahal izango. Eta azken hori ez da nolanahiko datua, Altunak Martinez de Irujo eta Olaizola II.a mendean hartu zituen bi jaialdiak ere telebista eman gabekoak izan baitziren. Euskal Herriko pala txapelketarako izen-ematea Oiartzungo Girizia elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Pala Txapelketan izena emateko epea larunbatean amaituko da. Gizonezkoen hiru maila eta emakumezkoen bi egongo dira. Parte hartzeko esait@euskalnet.net helbidera idatzi behar da edo 656 71 12 75 zenbakira deitu. Bigarren mailako finalerdiak Malerrekan. XIII. Malerrekako Txapelketa badoa aurrera apurka-apurka, eta bihar helduen bigarren mailako finalerdiak jokatuko dituzte Sunbillako pilotalekuan (19.00). Aurreneko partidan Mendy-Imaz eta Maiz-Ormazabal neurtuko dira, bigarrenean Urkizu-Lizeaga eta Loidi-Esnaola.