GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Aitor IRUSTA
Aspeko Atzelaria

«Debutatzea ez da erraza izaten, baina hemendik aurrerakoa ere ez da izango»

Munitibar erdia Eibarko Astelenan zela egin zuen profesionaletako debuta 22 urteko atzelari bizkaitarrak. Tentsioagatik ez omen zuen duen guztia kantxan ematerik izan, baina gustura dago bere lehen partida horretan 22ra heltzeko aukera izan zuelako. Plantillak horren murritzak izaki, laster izango ditu bere benetako maila emateko aukerak, esaterako, igande honetan Bilbon.


Aitor Irustak igandean egin zuen debuta profesionaletan eta, gauzak dauden bezala, laster hel dakioke txapelketan aritzeko aukera. Halakorik heltzen bada, prest omen dago.

Igandean egin zenuen profesionaletako debuta, gustura?

Partidarik onena ez nuen jokatu, baina nerbioengatik eta tentsioagatik izan zela uste dut nik, gorputza gogortuta izan nuen, baina espero hurrengo partidetan hobeto jokatzea, batez ere lasaiago aritzea.

Hala ere, maila ona eman zenuela esango nuke eta garaipen erraz xamarra lortu zenuten...

Aitor Mendizabalek asko lagundu zidan, tanto asko egin zituen, jokatzen ari ginela denbora guztia animatzen aritu zen eta horrek asko lagundu zidan, baita lasaiago egoten ere, baina, hala ere, gorputza tentsionatuta eta gogortuta izan nuen, ezin nuen gerririk sartu, pilota batzuetan lar arin sartzen nintzen eta besteetan beranduegi... baina emaitza eta egin genuen partida ikusita pozik eta gustura nago, 22 eta 13 irabazi eta ondo.

Ezagutzen ez zaituenarentzat, zer egin dezakezu igandean egin zenuena baino hobeto?

Denek esaten didate asko dudala hobetzeko, eskuina eta gerria sartzen batez ere, baina entrenamenduetan eta nahiko ondo ari naiz, bai eskuinaz eta baita ezkerraz pilota jokatzen. Igandean berriz ere partida jarri didate Bilbon eta espero lasaiago jokatu eta eskuinarekin pilota ondo gozatu ahal izatea.

Boleaz ondo defendatzen zarela erakutsi zenuen, hori zer da, umetan aurrelari ibili zinelako?

Txikitan, kadetera arte aurrean jokatzen nuen, baina boleaz jokatzeko beti izan dut konfiantza eta baita pilota airez jotzeko ere. Aukera izan edo norbaitek apururen batean jartzen banau, sartzeko arazorik ez dut izaten.

Gaur egungo pilotan gero eta beharrezkoagoa da airez ere moldatzea, ala?

Bai, gaur egun nahitaezkoa da, kantxa kubritu behar baduzu, bolea on bat izateak asko laguntzen dizu. Nik bolea nahiko ona daukat eta askotan erasora pasatzen naiz, beraz, gustura.

Zertan hobetu beharra sentitzen duzu gehien?

Eskuinaz gerria sartzea, gero eta gehiago sartzen dut, dena lantzen jarraitu behar dut baina gerriarena, ez pilotakada denetan, baina ahalik eta gehienetan sartzen badut, hobe.

Zer da zailagoa, heltzea edo mantentzea?

Debutatzea ez da erraza, baina orain datorren bidea ere, denek esaten dutenez, ez da erraza izaten eta mantentzeko behar asko egin behar da eta nik gogoa badaukat, ilusioa ere bai, eta ea urte batzuetan mantentzen garen.

Debutatu berriak diren asko ondo ezagutzen dituzu, hauen aurka zer maila eman dezakezun badakizu hortaz...

Azkenaldian debutatu duten askorekin afizionatuetan nahiko jokatu dut eta eurekin gustura, batzuetan irabazi egiten nuen, beste batzuetan galdu, baina ondo ikusten nuen neure burua frontoian eta ea euren kontra jokatzeko aukera dudanean irabazi ahal diedan.

Lehen helburua, beraz, maila berrira ohitzea?

Azkenean maila desberdinak dira, gauza desberdin asko daude eta horretxegatik behar asko egin behar dut apurka-apurka ohitzen joateko eta hobetzen joateko. Helbururik garrantzitsuena ahalik eta gehien ikasi eta partidak ondoen jokatzea da.

Zertan nabarmendu duzu alderik gehien?

Materialean apur bat agian, baina gehiago erritmoan. Asko igartzen da askoz arinagoa dela. Gero, debuteko partidan esaterako, artekariak zeuden eta presioa sartzen dute. Zuk ez pentsatu arren, zeure buruari presioa jartzen diozu eta halako gauzak. Azken finean, artekariena eta pilotena, partida gehiago jokatu ahala, nahiko arin gaindituko dudala uste dut.

Gustuko pilotaririk edo idolorik?

Irujo asko gustatzen zait. Berarekin entrenatzeko aukera izan dut eta oso mutil ona da, frontoi barruan eta hortik kanpora ere bai. Eta atzelariren bat, horrela esateko, Zubieta asko gustatzen zait eta Barriola ere bai. Irujo eta Barriolarekin iaz entrenatzeko aukera izan nuen, baina Zubietarekin ez dut aukerarik izan, baina debutaren egunean berak ere partida zuen eta berba apur bat egin genuen.

Pilotatik aparte?

Ikasten nabil. Goi mailako ziklo bat amaitu nuen, kirol monitorea izateko, gimnasioan, spinningeko maisu eta horrelako zerbitzuak eskaini ahal izateko eta orain Haur Hezkuntza ikasten ari naiz.