02 FéV. 2015 ITSASOA Ispiluaren kontra Bada Aritzen belaunaldiko surflarien artean nagusitu den eta kontuan hartzekoa den jarrera bat. Ama hizkuntza euskara izan arren, gazteleraz aritzeko erabakia hartu dute. Aspaldiko irudiak ere agertzen dira. Aritz eta bere adiskideak euskaraz ari dira. Erreportaje horretan, benetako irudi bakarra hori baita, beste guztia, ispiluaren kontra borrokan aritzea da. Surflari Ernegatua Askotan esan dut zarauztar izateaz harro ez nagoela, baina egia da famatuak diren zenbait zarauztar sutsuki defendatzen ditudala, bai baitakit oso erraza dela, errazegia, pertsonaia ezagunak arinki eta modu desegokian gaitzestea. Aritz Aranburu da maite dudan pertsonaia ospetsu horietako bat, horregatik saiatzen naiz kalte egin diezaiokeen ezer ez esaten eta errespetuz jokatzen. Oso gustura jarraitzen eta ikusten ari naiz zarauztarra bere web orrian atalka ematen ari den «Goaritz» izeneko bideo bilduma. Canal+ telebista katearekin elkarlanean hamabi kapituluko serie bat egin du Aritzek, eta bertan, iaz lehen mailan egindako zirkuituan izandako esperientziak kontatzen ditu. Nire ustetan, orain artean argitaratu duen kapitulu onena lehenengoa izan da, aitzinsolas moduan, Aritzen ibilbidea laburbiltzen duena alegia. Kapitulu zirraragarria da, bertan, Aritzek, txikia zenetik, eman urratsak modu argian erakusten baitira. Mila gauza on esan ditzakegu Aritzen inguruan, eta ziur aski beti motz geratuko gara. Aldiz, nahikoa da gauza «txar» bakarra esatea jendeak hainbeste maite duen gaizki esanen koroari bide eman eta surflariaren izena zikintzeko. Errazegi hitz egiten baitugu famaren zama bizkar gainean daramaten pertsonaiez. Ez da justua, baina horrela da. Nik ez daukat Aritzen kontrako iritzirik, ez naiz inor hainbeste lan eta lorpen egin dituenaren izena likisteko. Zarauztar honek, sarri, nahigabean ere, euskal enbaxadore lanak egin dituela aitortu beharko genioke, eta baita eskerrak eman ere, eremu horretan egin guztiagatik. Bada Aritz eta bere belaunaldiko surflarien artean nagusitu den eta kontuan hartzekoa den jarrera bat, ordea. Ama hizkuntza euskara izan arren, gazteleraz aritzeko erabakia hartu dute. Noski, errespetatu beharreko hautua da, baina batzuetan lotsagarri geratzen garenak gainontzeko guztiak gara, alegia euskal komunitatea. Pena handiz ikusi eta sentitzen dut afera, desagertzear den gure hizkuntza, hein handi batean, egunerokoan ditugun antzeko jarrerei esker gauzatuko baita. Aipatu kapitulua, Aritzen gurasoen etxean hasten da. Bere ama Karmeleren urtebetetze eguna da. Mahaian, kandeladun gozopil eder baten inguruan bildu dira ahaideak, eta solasean ari dira, batez ere, arrantzale eta sorosle izan zen Aritzen aitonaz. Gazteleraz ari dira, ingelesezko azpitituluekin. Irudi hunkigarriak dira. Bere amona Teresa, berea ez den hizkuntza batean hizketan jarri dute, errespetu handirik gabe, eta ahal moduan mintzatu da. Momentu batean, bere senarra zenak eta Aritzek antzekotasunik ba ote duten galdetzen diote, eta horrela erantzuten du: «se parecía en bixkortasuna». Jarraian, txikia zela lagunekin hartutako irudiak agertzen dira. Aritz eta bere adiskideak euskaraz ari dira, hartutako irudiak egiazkoak baitira, ez dute gezurrik esaten, ez eta iragana gazteleraz egitera behartzen ere. Erreportaje horretan, benetako irudi bakarra, egiazkoa, hori baita, beste guztia, ispiluaren kontra borrokan aritzea da.