GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Ablazioaren aurrean


Emakumeen Mutilazio Genitalaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Emakundek iragarri zuen EAEn jardunbide hori saihesteko funtsezko eragileen (osasun, gizarte eta hezkuntza arloetakoak) prestakuntzari ekingo diola hil honetan. Izan ere, erkidegoan 800 bat neskatila omen daude ablazio lez ezaguna den basakeria hori nozitzeko arriskupean; 17.000 inguru estatuan; gutxi gorabehera 125 milioi biktima munduan.

Ikerketen arabera, hemen bizi direnen ablazio gehienak gauzatzen dira gurasoen jatorrizko herrira egindako oporraldietan. Parada baliatzen dute familiek beren arbasoen tradizioari beraien lurraldean emateko jarraipena; izango da hemen askoz ere zailago dutelako nork egin topatzea; izango da jakinaren gainean daudelako hemen emakumeon giza eskubideen urraketa larritzat jotzen dugula; izango da hemendik urrun neskatilek ez dutelako apenas, edo inolako, salbatzeko aukerarik. Halere, hemen ere mutilatzen da; bilatzen dute gurasoek beren kulturari eusteko modu eta lagunik; eta zergatik ez, beren ikurretako bat baldin bada. Hain zuzen ere, horixe da geuk sarraski hustzat jotzen duguna desagerrarazteko traba nagusia: egileen bestelako pertzepzio totala. Guk ikusten dugu neskatila bat betiko sakonki mintzeko ekintza; haiek ikusten dute neskatila etorkizunean behar bezalako emakumea -emakume aratza, fidela eta senarrarentzako balioduna- izateko ezinbesteko pausoa. Guk irudikatzen dugu sufrimendu anker eta burugabea; haiek barneratuta dute neskatila emakume bihurtzeko igaro beharreko trantzea besterik ez dela. Hemen hilerokoa ulertu ohi dugun bezala, kasu.

Gure ikuspuntutik, ez kulturaren izenean, ez tradizioaren izenean, ezta azkeneko asabaren izenean ere, zeharo irudikaezina eta onartezina da neskatila bati klitoria erauztea, gozamena betiko ukatuta eta eraldatu beharreko produktu akastuntzat tratatuta. Erauzketa hori, gainera, hiltegian baleude bezala egitea, animalienak baino baldintza txar eta arriskutsuagoetan. Neskatilak, norbere alabak, ia bizitzaren hastapenetatik kondenatzea osasun-arazo larriak jasan behar izatera. Gure ikuspuntuak, baina, informazio guztia dauka, osasunari dagokionez; gure ikuspuntua trebatuago dago giza eskubideen ulerkuntzan eta aintzat hartzean, horien babesaren borrokan; gure ikuspuntuak barneratuago dauka emakumeekiko begirunea, eta, are funtsezkoagoa, emakumeok geure buruari zor dioguna. Hori horrela, nekez onar liteke edozeinen eskutik gorputz-atalik galtzea, egundoko min, izu eta trauma igaro beharra, ziurrenik tutik ulertu gabe norbere familiaren eskutik etorri izana.

Zorionez, gero eta gehiago dira beren kulturaren baitako mutilazio-mota honen kontrako ahots ozenak, pairatu dutenenak. Beraien bizipena eta ikuspegia baino tresna hoberik ez zait otutzen han-hemengo belaunaldi gazteengan, bereziki, eragiteko. Horiekin batera, erronka nagusia argi eta garbi da, gurekerian erori barik, gure ikuspuntuan barneraturiko horiek guztiak bestelako ikuspegidunei transmititzeko eta bere egin dezaten eran asmatzea.