14 FéV. 2015 Pilota Berezkoen Buruz Burukoa Belaunaldi berria geratzeko asmoarekin iritsi da Inoiz izan den finalik gazteena jokatuko dute bihar Battitte Ducassouk eta Peio Larraldek. Baionako Modernen jokatuko dute, 11.00etatik aurrera. Jon LEUNDA Historiako finalik gazteena jokatuko da bihar 11.00etatik aurrera Baionako Moderne trinketean, hantxe neurtuko baitira Peio Larralde eta Battitte Ducassou. Batak 21 urte ditu, eta besteak 23. Belaunaldi berri baten buru bihurtu dira finalean arituko direnak. Ikusmin handia piztu du partida honek, gazteak beti gaztea erakartzen duelako, nahiz eta hasi aurretik dirua oso nabarmen dagoen Ducassouren alde. Itsasukoak denboraldi paregabea darama, berak irabazi baitzuen orain dela bi hilabete eskas Superprestigioa ere. Bi pilotariak ere lehiaketa bikaina eginda iritsi dira azken jardunaldira. Laugarren denboraldia du Ducassouk, eta azkeneko urtean lan bikaina egin zuenez, final-laurdenetan hasi zen jokatzen, txapelketako nagusietako bat zelako. Larraldek, aldiz, iaz jokatu zuen lehen txapelketa, eta lan ona egin zuen berak ere, eta hirugarren kanporaketan sartu zen. Larraldek, Palomes izan zuen lehenengo aurkaria, eta 40-11 hartu zuen mendean. Final-laurdenetan, Waltari izan zuen aurrean. Kubakoa izan da azken hamarkadako pilotaririk onena, baina azkeneko urtean beherakada handia izan du, eta aurten garbi ikusi da beherako bide horretan jarraitzen duela. Hamarrean utzi zuen Larraldek pilotari amerikarra. Finalerdietan, berriz, Ximun Larralde izan zuen aurrean, eta lan asko egin behar izan zuen arren, garaipena erdietsi eta bere ametsa bete ahal izan zuen, 40 eta 34 irabazita. Ducassou final-laurdenetan abiatu zen Buruz Buruzkoan, eta Bonebeltxe beteranoa izan zuen bere lehen aurkaria, baina 21ean utzi zuen. Finalerdietan, berriz, Bixintxo Bilbao, belaunaldi berri honetako beste gazte bat. Berak utzi zuen, gainera, Paxkal Ezkurra, egungo txapelduna, kanpoan, baina Ducassouk bere maila agerian utzi eta 40-32 irabazi zuen. Itxaropena Itxaropen handiko finala izango da gaurkoa. Azkeneko urte hauetan beteranoek izan dute erabateko protagonismoa, baina aurten Ducassouk zabaldutako bideari beste batzuek jarraitu diote, eta etorkizunari begira oso itxaropentsu daude trinketeko esku-pilota zaleak. Finala bertatik bertara ikusi nahi duenak ere ez du inongo arazorik eta aitzakiarik izango, sarrerak oso modu onean jarri baitituzte. Eskuineko aldean, ongien ikusten den lekuan, 20 euroren truke egongo dira sarrerak salgai, eta ezkerrean, berriz, 10 euroren truke. 18 urte baino gutxiago dituztenek sarrera doan izango dute, baina ezkerreko aldean ikusi beharko dute. 1.400 ikuslerentzat lekua duen Moderneko harmailak erabat betetzea espero da. FABORITOAK. Battitte Ducassou da finala irabazteko faborito nagusia, eskarmentua ere Peio Larraldek baino gehiago baitu. Hasieratik dirua oso nabarmen aterako da Itsasuko pilotariaren alde.