23 FéV. 2015 ITSASOA Australia surfaren hiriburu: Munduko txapelketen sasoia da eta uhartean nabari da lehiaketa giroa Pasa den astean QS mailako bi txapelketa garrantzitsu izan dira Australian. Mutiletan, Kolohe Andino eta Alejo Muniz izan ziren irabazleak. Nesken kategorian, berriz, Laura Enever eta Ellie Brooks. Gold Coasteko TOP 32 munduko txapelketa ere hastear da. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Australia surfaren hiriburu da egunotan. Pasa den astean, 2015. urtea hasi denetik egin diren mundu mailako bi surf txapelketa garrantzitsuenak izan dira Ozeaniako uharte erraldoian. Bi lehiaketak QS mailakoak izan dira, eta biek 6.000 puntuko balioa zuten. Horrez gain, aste honetan hastekoa da urteko lehen txapelketa mundiala, alegia, mutilen kasuan TOP 32 lehiakideak, eta nesken kasuan TOP 16 lehiakideak biltzen dituena. Gold Coasten izango da, Snapper eskuin olatu famatuan. Hurley Pro Hurley Australian Open, QS mailako txapelketa, Sydneyko Manly hondartzan izan zen pasa den astean. Irabazleak Kolohe Andino estatubatuarra eta Laura Enever australiarrak izan ziren. Eguzkia, haize leuna eta bi metro inguruko olatuak izan ziren finalean. Mutilen kasuan Kolohe Andino eta Mateia Hiquily izan ziren azken txandan. Bi lehiakide hauek oso gazteak dira. Kolohe San Clementekoa da (Kalifornia), hogei urte ditu eta TOP 32an dago, alegia maila gorenean. Bere aurkariak, aldiz, 19 urte ditu eta Tahitikoa da. Bi lehiakideek bide luze eta zaila egin behar izan zuten finalera iristeko, zeren txapelketa honetan munduko lehiakide onenetako asko izan ziren, hala nola Mick Fanning, Kelly Slater edo Joel Parkinson. Azkenean, Andino gailendu zen, eta aurten irabazi duen bigarren txapel honekin QS rankingean buru jarri zen, eta aste honetan hasiko den lehen mailako zirkuituko txapelketan parte hartzeko sasoi ezin hobean dagoela erakutsi zuen. Honela mintzo zen kaliforniarra: «Txapelketa bikaina izan da, baina ez dut azeleragailua sakatu nahi. Lehiaketa honek asko lagundu dit, orain mentalki oso indartsu nago Snapperserako». Nesken kategorian, berriz, Laura Enever (23 urte) eta Tyler Wright (20 urte) australiarrak izan ziren finalean. Bi lehiakideak lehen mailan dira aurten, alegia nesken TOP 16an, eta beraz, puntako lehia izan zen. Enever gailendu zen, eta horrela, orain bost urte surflari profesional gisa hasi zuen ibilbidean lortu duen mundu mailako lehen txapela eskuratu zuen australiarrak. Etxean jokatzeak ere laguntzen duela onartu zuen Eneverrek: «Azkenaldian txapelketaz txapelketa aritu naiz, eta lehen postu bat eskuratzeak asko laguntzen du. Orain oso ondo sentitzen naiz, gainera, bertako lagun eta ikusleengandik jaso dudan babesa eskertzeko modu bat izan da txapela eskuratzea». Burton Automotive Burton Automotive Pro txapelketa, ostera, atzo amaitu zen Merewether hondartzan. Mutiletan 6.000 puntuko txapelketa izan zen, eta nesketan, berriz, 1.000 puntuko saria zen irabazlearentzat. Metro bateko olatu nahasiak izan ziren lehiaketak iraun zuen artean eta eguraldiak ere ez zuen lagundu, baina horrek ez zuen eragotzi ikusle eta jarraitzaile andana hondartzara gerturatzea. Alejo Muniz brasildarra eta Jack Freestone australiarra izan ziren mutilen finalean. Freestone, junior kategorian bi bider munduko txapeldun izandakoa, bikain aritu zen txapelketa osoan. Txanda bakoitzean airekoak eta ariketa erradikalak egin zituen, eta finalerdietan Joel Parkinson munduko txapeldun ohia kaleratu zuen, baina finalean brasildarra nagusitu zen. Finalak iraun zuen 35 minutuetan estrategia oso desberdina izan zuen lehiakide bakoitzak. Freestonek, itsasoaren egoera narrasa ikusita, parean altxatzen zitzaion edozein olatu hartu eta berau txikitzeko erabakia hartu zuen. Muniz, ordea, lasaiago ibili zen, urautsian eseri eta olatu handienak itxaron zituen, eta horri esker puntuazio altuagoa eskuratu ahal izan zuen. Azkenean, australiarrak 13'33 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta brasildarrak berriz, 18'40 puntu. Muniz pozarren zegoen, izan ere, 25 urte betetzen zituen eguna ere bazen. Orain gutxi tiroz hil zuten Ricardo dos Santos surflaria ere gogoan izan zuen Munizek. Honela mintzo zen Muniz: «Finala aitzin mezu bat idatzi nion nire taulan Ricardo dos Santos lagun zenduari. Surflari bikaina zen eta orain dela hilabete hil zen. Berari eskaini nahi diot nire gaurko garaipen hau». Nesken kasuan, finala, askoz ere parekatuagoa izan zen. Ellie Brooks eta Philippa Anderson, biak australiarrak, buruz buru aritu ziren finalean, eta azken segundora arte borrokatu ziren. Bozinak txandaren amaiera iragarri zuenean, bi lehiakideek puntuazio bera lortu zuten bi olatu onenekin, 12'66 puntu. Gauzak honela, eta berdinketa baten aurrean, epaileek olatu onenaren irizpidea ezarri zuten, eta puntuazio altuena jaso zuen olatua Brooks gazteak egin zuenez, txapela berari eman zioten. Emaitzak, ezustean harrapatu zuen Brooks bera ere, izan ere, bere aurkaria, Anderson, etxean jokatzen ari zen eta iazko irabazlea ere bera zen, beraz, ez zen final erraz bat. Sari banaketen ostean, bere harridura erakutsi zuen Brooksek, eta aurrera begira ere badagoela erakutsi zuen. Hona bere hitzak: «Finala amaitu zenean, gertatzen ari zena egiaz gertatzen ari zen galdetzen nion nire buruari. Inoiz izan dudan emaitza onena izan da, eta maila honetan lehia naitekeela ikusi ahal izan dut. Beraz, orain Zeelanda Berrian izango den hurrengo txapelketari begira nago. Lehiatzeko irrikaz nago».