25 FéV. 2015 KOLABORAZIOA Pobrezia enegetikoari buruzko gizarte-eztabaidaren alde Iñigo Lamarca Iturbe Jarduneko Arartekoa XXI. mendea bete-betean dela, Euskadin oraindik jende asko dago hilabete hotzetan etxean tenperatura egokia mantendu ezinik. Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egindako gizarte beharrei buruzko 2014ko inkestak pobreziaren gainekoak kontuan hartu beharreko bi adierazle islatzen ditu. Batetik, etxean tenperatura egokia mantentzeko arazoak dituzten pertsonak 237.526ra iritsi dira 2014an. Bestetik, etxean zerbitzuen horniduran (ura, argia edo telefonoa barne) etenaldiak izan dituztenak 38.255 izan dira 2014an. Aipatu txostenaren arabera, fenomeno hori euskal biztanleen %11k jasaten dute, gutxi-asko, eta pobrezia energetikoa deritzo. Etxean energia izateko arazo larriak edo ezintasuna dakartza berekin, baliabiderik ez izateagatik, etxebizitzak baldintza objektibo txarrak izateagatik edo baliabide energetikoen prezioa gehiegizkoa delako. Euskadin pobrezia energetikoa ezezagun samarra da. Beste leku batzuetan baino baldintza klimatologiko hobeak izateak, diru-sarrerak bermatzeko daukagun sistema finkatuaren dudarik gabeko eragin onuragarriak edo oraintsu arte adierazle hori behar bezala karakterizatu gabe egoteak ondorio hau ekarri du: pobrezia energetikoa pobrezia orokorraren barruan sartzeko joera dago, gizarte-bazterketa jasateko arriskua neurtzeko elementu gisa. Pobrezia energetikoa errealitate gogorra da, Europan fuel poverty izenaz ezagutzen dena, eta hamarkadak dira Erresuma Batua, Irlanda edo Belgika bezalako herrialdeetako agenda politikoan sartuta dagoela. Kezka horren ondorioz, Europar Batasunak lehenbizikoz arautu du gai hori. Pobrezia energetikoaren kontra borrokatzeko urrats garrantzitsua izan dira, zalantza barik, Europar Batasuneko zuzentarauetan jaso diren xedapenak, elektrizitatearen sektoreko (2009/72/CE zuzentaraua) eta gas naturalaren sektoreko (2009/73/CE zuzentaraua) energia-merkatuko arau komunak erregulatzeko asmoz. Zuzentarau horiek argitu diezagukete pobrezia energetikoari nola aurre egin. Zerbitzu publikoak betebehar jakin bat du: kalitateko zerbitzu energetikoa (argiarena eta gasarena) bermatu behar du, arrazoizko prezioetan, eta etxeko kontsumitzaileak babestu behar ditu, batez ere bezerorik zaurgarrienak. Zuzentarauan jasotako neurrietako bat da debekatuta dagoela egoera larrietan hornidura etetea; horrek esan nahi du ezin dela hornidura eten neguko hotzik handieneko aldietan. Espainiako Estatuan xedapen horiek orain arte neurri batean ostendu dira, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen bitartez. Lege horrek, 45. artikuluan, kontsumitzaile zaurgarrien gaineko alderdi jakin batzuk soilik hartzen ditu kontuan, adibidez, gizarte-bonua. Horregatik, pobrezia energetikoaren osoko analisia egin behar da, horren ondorioak arindu eta prebenitzeko. Analisi horretan, kontuan hartu beharko dira kontsumitzaileak babesteko egungo politikak (gizarte-bonua), gizarte-politikak (diru-sarrerak bermatzeko errenta eta gizarte larrialdietako laguntzak) eta etxebizitza arlokoak (etxeetako energia eraginkortasuna eta aurreztea). Neurri horiek egon badauden arren, onartu behar dugu egiaz ezinezkoa dela pobrezia energetikoaren ondorio guztiak arintzea. Era askotako arrazoiengatik. Ezin ukatuzkoa da elektrizitate kontsumitzailearentzat faktura elektrikoak gora egin duela azken urteotan. Sistema energetikoaren oraingo egoerak, baita autokontsumoa edo etxean erabiltzekoak diren energia berriztagarriak ez bultzatzeak ere, aukera bat galarazi dute arlo horretan. Halaber, krisia eragozpen handia izan da hirigintza eta etxebizitza arloetako araudiek pixkanaka gehitu dituzten eragingarritasun energetikoko baldintzak hobetzeari ekiteko. Bestalde, gizarte-politikek egoera hobetu dute, baina ez dituzte saihestu talde batzuek ongizate energetikoko baldintza egokiak lortzeko dituzten arazoak. Egoera horien aurrean, hainbat taldek, esaterako, Ingurumen Zientzien Elkarteak edo eredu energetiko berri baten aldeko plataformak -Euskadin, Gure Energia- pobrezia energetikoaren Europako astea ospatzen dute. Talde horiek eskatzen dute agenda publikoan sar dadila energia-fenomeno hori, gizartean, hezkuntzan edo pertsonen osasunean zer ondorio dituen jakiteko, batik bat talde jakin batzuetan (adinekoak edo haurrak, kasu). Proposamen horiei erantzuteko, Ararteko erakundeak jakinarazi nahi du euskal estrategia bat ezarri beharra dagoela pobrezia energetikoaren kontra. Gai horrek garrantzi berezia du gizartean eta gizarte-eztabaidan sartu behar da. Oraingo eredu energetikoak, oro har, gizarte-eztabaida horren beharra dauka, eredu iraunkorrago batera iragan nahi badu.