27 FéV. 2015 Berezkoen Binakako Txapelketa Bi mailatan banatuta jokatuko da lehiaketa Bakoitzean bosna bikotek jokatuko dute, eta ligaxka eran arituko dira. Jon LEUNDA Binakako Txapelketa abiatzear da, eta aurten berrikuntza batekin dator; izan ere, aspaldiko partez bi mailatan antolatu da, eta bakoitzak bere txapelketa izango du. Bietan, gainera, bosna bikote arituko dira, eta ligaxka jokatuko dute denek denen aurka. Bakoitzeko aurreneko laurek jokatuko dute finalerdia. Aurrenekoa laugarrenaren aurka, eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Bi irabazleek finala jokatuko dute. Bi pilotari profesional bakarrik faltako dira aurtengo txapelketetan. Maila nagusian ez da Thierry Etxeto arituko. Atzelari lapurtarrak enegarrenez lesioa izan du, eta aski dela erabaki du. Denboraldi honen bukaeran goi mailako pilota uzteko asmoa agertu zuen, baina pasa den asteko lesioa dela-eta oraintxe uztea erabaki du. Hala, ez du txapelketa ofizialetan agurrik egiteko aukerarik izango, nahiz eta azken hamarkada honetako atzelaririk handiena izan den. Arituko ez den bestea Jannots da. Honek Bigarren Mailan aritu beharko zuen, baina ez dabil fin eta antolatzaileek lehiaketatik kanpo uztea erabaki dute. Waltari eta Ximun Lanbert, Larralde eta Bilbao, Bielle eta Ezkurra, Etxeberri eta Ducassou eta Laurent Lanbert eta Harizmendi izango dira maila nagusian arituko diren bost bikoteak. Bostak ere nahiko orekatuak dira eta faborito garbirik ez dago. Gazteen belaunaldi berri horietako hiru maila honetan arituko dira, eta bik, gainera, bikotea osatuko dute, Larraldek eta Bilbaok; garbi dago bien artean maila handia dutela eta faboritoen zerrendan agertuko dira, Ducassou, Buruz Buruko txapelduna agertzen den moduan; Etxeberri da bere aurrelaria txapelketan. Lekuak Bigarren Mailako era ere berdina izango da. Monze eta Amulet, Intxauspe eta Saldubehere, Agirre eta Lazkano, Elgart eta Bonebeltxe eta Goikoetxea eta Palomes arituko dira maila honetan. Oltzomendi eta Lamour izango dira bi mailetan ordezko geratzen direnak. Aurtengo jokatzeko era ongi ateratzen baldin bada, datorren denboraldiari begira Buruz Burukoan ere gauza bera egin dezakete. Izan ere, hori da zaleak eskatzen ari direna ere, batzuen eta besteen artean dagoen maila oso ezberdina baita, eta parekoa parekoarekin ikusi nahi dute zaleek. Hau izango da aurreneko urratsa, eta ongi badoa izango du, seguru asko jarraipena. Jokalekuei begiratuta, ohikoak dira bat izan ezik, aurreneko aldiz Lohitzune-Oihergi herrian jokatuko baita. Orain arte han ez da inoz txapelketa ofizialeko partidarik, profesionalenik, alegia, jokatu, baina aurten martxoaren 15ean jokatuko da, eta bi mailatako partidak izango dira; izan ere, jaialdi bakoitzean lehen eta bigarren mailetako partidak izango baitira. Horrela, Zuberoak hiru jaialdi hartuko ditu, eta hori ere ez da ohikoa izaten; normalean jaialdi bana izaten dute Buruz Burukoan, eta beste bat Binakakoan. Aldiz, aurten Buruz Burukoan ez dute partidarik izan eta Binakakoan hiru izango dituzte, aipaturikoaz gain, martxoaren 21ean Maulen eta martxoaren 28an Garindainen ere izango baitira jaialdiak. Aurreneko jardunaldia Arrangoitzen jokatuko da Gaur abiatuko da Txapelketa, eta Arrangoitzeko Ourkia trinketean jokatuko dira aurreneko bi partidak. 19.00etan izango da lehenengo norgehiagoka, eta bertan Intxasupe eta Saldubehere Goikoetxearen eta Palomesen aurka neurtuko dira. Horiek amaitutakoan, maila nagusiko partida jokatuko da, eta horretan Larralde eta Bilbao Laurent Lanberten eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Partida hau oso erakargarria da eta zale asko eramango ditu. Larraldek Buruz Burukoan finala jokatu du eta Bilbaok, finalerdia. Bi gazte hauek ilusio handia piztu dute eta bien artean osatu duten bikotea noraino iritsiko den ikusmin handia dago. J.L.