07 MAR. 2015 HELDUEN LITERATURA Besteen mina Estibaliz EZKERRA Unai Elorriagaren azken lanak, «Iazko hezurrak», 1970eko hamarkadatik 1990eko hamarkada bitartean jazotako indarkeria kasuen katalogo zabala eskaintzen digu. Abiapuntu moduan Irene Arrias izeneko fikziozko pertsonaiaren jaiotza dugu, 1971eko urtarrilean Algortan sortua bera, eta une horretatik hasita, Arriasen bilakaera pertsonalaren kronologia oinarri hartuta eta Arriasen beraren esperientziekin tartekatuta, sona handiko sarraski, hilketa, atentatu eta tortura kasuak, nazioartekoak zein hurbilekoak, dela Ruandako genozidioa dela ETAren kontrako borroka zikina, azaltzen dizkigu liburuak. Arrias bera gertaera hauekin obsesionatu egingo da eta bere kabuz hasiko da haien gainean irakurtzen eta ikertzen, datu historiko bilakatuko diren horiek eta bere autobiografia kolapsatzeraino, munduko tragedia oro bere eginez. Liburua irakurtzen ari nintzela Michael Rothbergen multidirectional memory (norabide anitzeko memoria) kontzeptua zebilkidan buruan etengabe, testuak antzeko zerbait irudikatzen duela iruditzen baitzait. Kontzeptu horren arabera, gertaera jakin batzuei buruz ditugun oroitzapenak, memoria bera, ez da modu isolatuan garatzen. Aitzitik, beste istorio eta historia batzuekin loturak eginez gertatzen da. Memoria kolektiboa lehia moduan (gertaera batzuk beste batzuk baino garrantzitsuak direla defendatzen duen ustea) aurkezten duten horien aurrean, beraz, Rothbergek argudiatzen du etengabeko negoziazioa dagoela oroitzapen ororen oinarrian, erreferentziez eta maileguz josita dagoela gertaera jakin bati buruzko oroitzapena. Zentzu horretan, memoria mekanismo emankorra da, inolaz ere pribatua edota pribatizatu daitekeena. Adibide moduan jartzen ditu Holokaustoaren eragina beste genozidio batzuen ondarea negoziatzeko orduan zein Hegoafrikako bake eta adiskidetzearen batzordeak herrialdean apartheid garaian burutu ziren krimenak aztertzeko ezarritako irizpideak nola beste herrialde batzuetan, Txilen esaterako, antzeko egoerei aurre egiteari begira eredu bihurtu diren. Gertuko adibide bat jartzearren, Gernikako bonbardaketa tokiko tragedia izan arren, gertaera nazioartean gogoratua da bestelako zibilen kontrako bonbardaketen harira: Picassok bonbardaketaren harira margoturiko koadroan inspiraturiko murala aurki daiteke Israel eta Palestina arteko hesian, 1937ko hondamendia palestinarren hamarkadetako jazarpenari lotuta. «Iazko hezurrak» memoria/memorializazio ariketa bat dela zalantzarik ez dago, indibidualtasunetik kolektibora eta tokikotik globalera jauzi egiten duena, bizipen pertsonalak errealitate/kronologia zabalago baten barruan kokatu eta haien arteko loturak etengabe bilatzen eta ezartzen dituena. Aipatzen dituen gertaeren kopuruari erreparatuz gero, Elorriagaren lanak norabide anitzeko memoriaren eredua muturrera eraman duela esan daiteke: miresgarria da zer nolako xehetasunez azaltzen dituen 1970eko eta 1990eko hamarkada bitartean gertaturiko tragediak, eta nola txertatzen dituen Arriasen biografian azken horren parte bihurtzeraino. Arriasek gertaerekiko agertzen duen jarrera, geografikoki urrun egon arren gertu sentitzea besteen mina, Levinas filosofoaren pentsamenduan oinarrituta Judith Butlerrek esandakoarekin bat dator: bestearen sufrimendua aitortzerakoan frogatzen du batek norberaren eta bestearen gizatasuna. Intelektoari begira «Iazko hezurrak» gizakiek beste gizakien kontra buruturiko krimenen eta haien oroitzapenaren gainean proposatzen duen irakurketa erakargarria da, baina dela datuen kopuruagatik dela tonuaren aukeragatik testu itxia gertatzen da eta irakurleari aukera handirik ez dio ematen. Lan anbiziotsua da, hori bai.