07 MAR. 2015 HAUR LITERATURA Irakurle kritikoak Asun AGIRIANO Ideologiarik gabeko libururik ez dagoela diote, are gehiago, irakurleak haurrak baldin badira. Zaila da heziketarako aukera saihestea eta, hitz edo irudien bitartez, mezua doktrina ez bihurtzea. Haur literatura espresuki erabiltzen da material didaktiko eta pedagogikotzat; hori dela eta, askotan, mezuak helarazteko tresnak gailenduta, mendean geratzen dira sormena zein estetikaren bilaketa. Badira ia 40 urte Adela Turin idazle eta editoreak «Dalla parte delle bambine» izeneko bilduma argitaratzen hasi zela Italian. Hizkuntza askotara itzuli zen berehala, sexuen arteko berdintasunaren aldeko erreferentzia bilakatu ostean. Gurean «Neskatoen alde» izenpean jasotzen ari gara, eta «Arturo eta Klementina» bilduma osoko ezagunenetarikoa dugu. Denbora luzea igaro arren, oraindik liburu hauek behar-beharrezkoak dira -garbi esan dezagun- gizarteak matxista izaten jarraitzen duelako. Alegia bat da dortoka protagonista hauen istorioa, alegia modernoa. Kontakizunaren hasieran animalia hauen arteko hartu-emanean ilusioa eta maitasuna dira nagusi, baina, denborarekin, monotonia kartzela bihurtuko zaio Klementinari. Bidaiatu nahiko luke, margotu, musika jo... Senarrak emaztearen gaitasunak gutxietsi egiten ditu, irri egiten die haren ametsei. Umiliatu ondoren, berriz, opariz betetzen dio etxea, Klementinak oskolaren gainean eramango dituenak, dorre luze eta astuna sortuz. Ez da asetzen horrela emazteak nortasuna gogobetetzeko duen grina. Ihes egiteko pausoak ematen hasiko da Klementina, emeki-emeki, dortokek egiten duten antzera. Jakina! Liburuaren helburua bistakoa da, eta gaia erraz antzeman daiteke: askatasunaren aldeko kantua da, Disneyren maitasun ereduaren aurka doa, hain zuzen. Gizon eta emakumezkoen arteko harremanetan bizi den oharkabeko biolentzia ere azpimarratzen da. Liburu honen gaiarekin paralelismo bat eginez, genero indarkeriaren ikerlariek azaltzen dutenez, matxismoa aldatzen ari da belaunaldi berrietan eta, egun, modu askoz «gozoagoan» burutzen da mikromatxismoa, isilpean. Berrogei urte dira bilduma hau kaleratu zela, eta askok aurreko belaunaldiko kontuak direla uste duten arren, inkestek diote 18 urtetik beherakoen artean salatutako indarkeria matxista kasuak igo egin direla, maitasun erromantikoaren idealak oraindik ere gazteengan eragin handia duela. Berdintasunaren hezkuntzan, beraz, asko dago egiteko, oraindik gizarteak ez baitio tokia ematen emakumeari, etxean eta eskolan oharkabeko biolentziaren adibide ugari baititugu. Liburu honek irakurketa kritikoa egiteko aukera ematen digu, eta guraso eta haurren artean irakurtzeko gonbidapena. Izan ere, helduok irakurri egin beharko genituzke gure seme-alabek irakurtzen dituzten liburuak. Horrela mezu ideologikoak harrapatu eta eurekin komentatzeko aukera izango genuke. Irakurketa kritikoa egitea modu ederra da sentsibilizatzeko eta askatasuna praktikatzeko, estereotipoen aurrean barre egiteko. Kontakizun interesgarria da «Arturo eta Klementina» zentzu honetan: hitz egiteko akuilu egokia delako, Disneyren maitasuna deseraikitzeko, niaren desagerpenaz eta bestearenganako sakrifizioaz hitz egiteko. Oraindik ere gizartean pertsonak generoaren arabera bereizi eta bakoitzari rol zehatz bat esleitzen zaiolako. Kritikoak izateko tresnak ematera dator bilduma berri hau; izan ere, berdintasunean oinarritutako gizarte bat nahi badugu, horrelako ipuinak beharrezkoak dira. Behin haurrak zentzu kritikoan irakurtzeko gaitasuna izanda, edozer irakurtzeko gai dira, liburuekin eztabaidatzen eta formazio literarioa jasotzen has daitezke. Bilduma osoko ilustratzailea da Nella Bosnia. Bere irudiek indarra ematen diote istorioari, animalien figura errealista eta tonu biziek umore kutsuaz zipriztintzen dute gaiak sakonean duen seriotasuna.