16 MAR. 2015 ALPINISMOA Neguko bi errepikapen Gazte esloveniarrak bikain Triglav mendiaren iparrean Matevz Mrak eta Matevz Vukotic gazteek «Prusik-Szalay» bidearen neguko bigarren errepikapena sinatu dute. Nejc Marcicekin batera, berriz, Travnikeko «Sveca» marra hemezortzi orduan igotzea erdietsi dute. Andoni ARABAOLAZA Triglav mendia Esloveniako Alpeetan dago eta mendilerroko garaiena da. Ez da 3.000 metroko garaiera heltzen (2.864 m), baina bere ipar horma eskalatzaileentzat zein alpinistentzat erabat erakargarria da. 1.000 metrotik gorako hormatzar horretan goi mailako bideak zabaldu dira, eta, gehienek, gainera, konpromiso handia exijitzen dute. Negu honetan, adibidez, azpimarratzekoa da Esloveniako gazte batzuek Triglaveko ipar partean eginiko jarduera bat. Matevz Vukotic (24 urte) eta Matevz Mrak (22) sokakideek Obraz Sfinge sektore mitikoko «Prusik-Szalay» bidearen neguko bigarren igoera egin dute. Eskalada hori egin eta gero, talde horren sokari Nejc Marcic (29 urte) lotu zitzaion, eta hirukoteak 18 orduko eskaladan Travnik mendiko «Sveca» marraren bigarren neguko igoera sinatzea lortu zuen. Lehen bidea Obraz Sfinge sektorearen marra gogorrena eta arriskutsuena da. 1.000 metroko desnibelean, marra horrek 1.600 metroko ibilbidea du, baita honako zailtasunak ere: VII-, M6+, R, AI4, A1. Mrakek adierazi duenez, hasiera zeharkaldi luze bat da: «Zeharkaldiaren ondoren, mistoko 24 luze inguru (M6 gehienez) gainditu genituen. Gauak harrapatu eta bibaka antolatu genuen. Biharamunean gailurrera iristeko asmoa genuen, Zlatorogove zeharkaldia eta Sefingeren korridorea oso baldintza txarretan zeudelako». Luze psikologikoak Eskaladaren bigarren egunean, Mrakek dio gogor borrokatu behar izan zutela headwall-ean: «Sei luze oso psikologiko egin genituen, eta, gainera, ilunpetan. Horren ondorioz, bidearen giltza era askean igotzeko asmoa bertan behera geratu zen. Bi bibak egin eta gero, tontorrera heldu ginen. Zoritxarrez gure hasierako asmoa ez genuen bete; izan ere, bide osoa, behetik hasita, egun bakarrean eskalatu nahi genuen. Eta, jakina, era askean. Francek Knez izan zen neguko lehen igoera egin zuena, baina Sfingeren sarrera arte rapelatu egin zuen; eta hortik hasi zuen eskalada». Atseden hartu eta gero, sokada hori Travnik mendiaren ipar hormara hurbildu zen; oraingoan, Nejc Marcicekin batera. Hirukoteak «Sveca» bidea (VII-, M6, 800 m) hemezortzi orduan igo zuen: «Goizeko bostetan bidean sartu ginen. Lehen luzeak elurrez estalita zeuden, eta egoera horrek geure erritmoa asko mantsotu zuen. Bidearen zati gogorrena, berriz, lehorra zegoen, eta azkeneko mistoko hamar luzeak nahiko azkar igo genituen. Arrokako luzeetan, bederen, ez nuen oso ondo pasa; izan ere, katu-oinak etxean utzi nituen. Nejcek bereak pasa zizkidan, baina, oso-oso txikiak nituen, eta, hori dela eta, asko sufritu nuen». TRIGLAV. Esloveniako mendi garaienaren ipar horman Matevz Vukotic eta Matevz Mrakek neguko goi mailako errepikapena egin dute.