GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
Iker IRRIBARRIA
ASPE-KO PILOTARIA

«Ez dakit zein den Aramako sekretua eta, jakingo banu, ez nuke kontatuko, badaezpada»

Eskolatik irten berritan hartu gaitu Iker Irribarriak (Arama, 1996). Oso argi dauka ikasketak ezin dituela alboratu eta Ingeniaritza Mekanikoa ari da ikasten Ordizian. Oso gaztea izanagatik, esperientzia piloa batu ditu; alebinetan Euskadiko saskibaloi selekzioarekin jokatu zuen eta orain bi urte ebakuntza-gelatik pasatu behar izan zuen, ezker eskua osatzeko. Igandean bere ametsetako abenturari ekingo dio.


Aspalditik zuen ametsa igande honetan egingo da errealitate eta Astelenan egingo du pilotari profesional gisa debuta.

Uste baino lehenago dator debutatzeko aukera, prest?

Halakoetarako beti prest egoten da bat, nire ametsa zen eta oso pozik. Pentsatzen genuen agian udan edo izan zitekeela, ez zen ezer segurua, baina halako albisteak beti gustura hartzen dira.

Afizionatuetan maila ikaragarrian zenbiltzan...

Bai, ni oso gustura ari nintzen, udatik hona partida onak egin ditut, kantxan asko hobetu dut, nik ere ikusten dut hori, eta gutxienez sentsazioak oso onak dira. Azkenean txapelketa garrantzitsuak irabazi ditut.

Igotzen bazaituzte, prest zaudela uste dutelako da. Azken bi urteetan dezente entrenatu dut Asperekin, badakigu entrenatzetik lehiatzera asko aldatzen dela, baina nigan konfiantza dutela pentsatu nahi dut, bestela ez zidaten aukera emango.

Lehen esaten zen jauzia ematea zela zailena, gaur egun mantentzeak ez dirudi errazagoa...

Nik esango nuke, zailagoa dela mantentzea. Badakigu salto handia dagoela afizionatuetatik profesionaletara, baina gero hor ikusten da bigarren mailatik lehenengora dagoen saltoa handiagoa dela eta mantentzea zaila bada, gora egitea da zailena.

Profesionaletan ari diren askoren aurka jokatutakoa zara, ezta?

Azkenaldian igo diren gipuzkoar askorekin asko jokatuta nago, Altuna, Artola, Jaka, Tolosa, Rezusta, Urruzola... Batez ere, oso harreman ona daukat eurekin.

Artola eta Altuna lehen mailakoan bikain ari dira, espero zenuen?

Pixka bat harritzen nau. Urtebete ez daramate oraindik profesionaletan eta ematen ari diren maila ikaragarria da. Erritmoa oso ondo hartu dute, lesiorik ez dute izan eta oso pozik nago beraiengatik.

Beraiei irabazitakoa bazara...

Bueno, azken urteotan gutxiago, baina gazteagotan askotan elkarren aurka jokatutakoak gara, batzuetan nik irabazi, besteetan eurek, hortxe ibiltzen ginen. Badakigu asko aldatu direla gauzak, aukera ona izan dute, ez dakit horraino iritsiko garen, baina saiatuko gara behintzat.

Pilotaren beste aldea ere ezagutzen duzu. 17 urterekin operatu egin zintuzten fibrosia eta zirkulazio arazoengatik...

Zaila izan zen. Aurrena, operatzeko erabakia hartzea zaila izaten da, asko pentsatzen diren gauzak dira. Oso ondo atera zen eta orain oso gustura nago. Pilotaren bi aurpegiak oso argi izan behar dira, azkenean kirol bat da, lesioak buruhauste handiak izaten dira, bat pasatu dugu eta espero berriz ez tokatzea.

Horren gazteak ez ziren asko egongo?

Egia esan ez, baina pixkanaka aldatzen ari da eta gero eta gazte gehiago ari gara pasatzen. Ez dakit pilotak diren edo gaurko gazteak garen.

Saskibaloian alebinetan Euskadiko eta Espainiako selekzioarekin ere jokatutako zara....

Betidanik izan naiz kirolaria. Araman bizita, beti kirola gustatu zait. Ordiziara ere normalean oinez joaten naiz. Saskibaloian ibili nintzen, hegalekoa nintzen, 15 urterekin utzi egin behar izan nuen, ez nuelako denerako denborarik. Esperientzia politak pasa genituen eta orain oraingoak.

Hasiera-hasieratik garbi neukan pilota nuela gogokoago. Saskibaloian lagun asko egin ditut, baina bihotzean beti pilota izan dut, beti gustatu izan zait gehiago eta aurrera begira aukerak ere gehiago ikusten nituen.

Pilotari bezala nola definituko zenuke zeure burua? Buruz buru gusturago?

Saiatzen naiz pilotari abiadura ematen, badakigu hori dela garrantzitsuena. Gehiena kostatzen zaidana defentsa da, orain arte hobetu dugu zerbait, baina hobetzen jarraitu behar.

Nire dohainak ikusita, manomanista hobea naizela uste dut. Binaka ez naiz gaizki moldatzen, baina gusturago buruz buru.

Ezkerrak oso ezkerrak zarete...

Bueno, ordu dezente sartu ditugu eskuinarekin, eta uste dut moldatzen naizela. Badakigu ez dela munduko eskuinik onena, baina hauxe da nirea eta moldatzen gara.

Araman inor izango da igandean?

Norbait ziur, baina jende dezente goaz, autobusa ere antolatu dugu, Ordizian ere bai. Poztekoa da jendea nirekin dagoela ikustea, ea giro polita dagoen.

Calvillo anaiak Realean, Xabier Gorospe golflaria, Asier Unanue txirrindularia, Unanue atletak, zer gertatzen da Araman?

Denek gauza bera galdetzen dute eta ez dakit zer dagoen, eta jakingo banu ere ez nuke esango. Ez dut uste kasualitatea denik, azkenean denok lan asko egiten ari gara. Ni izan naiz aurrenekoa baina espero besteek ere saltoa ematea. Sekretu bakarra lana da.