GARA Euskal Herriko egunkaria

Maite Idirinek hastapeneko abestien bilduma kaleratu du

Bere hastapeneko kantuen bilduma bat aurkeztu zuen atzo. Bi CDtan bildu ditu. Latinoamerikako abeslarien eragina daukaten protesta kantak 1968tik 1975era egin zituen eta biniloan baino ez ziren argitaratu. Aurrerakuntza teknologikoak baliatuta beste formatu bat izanen dute.


Ugaon, Bizkaian, sortu bazen ere, badu aspaldi Angelun, Lapurdin, bizi dela Maite Idirin, ia kantugintzan hasi zen adina urte. Mikel Laboari utzi zion gisa, Atahualpa Yupanquik berari ere arrastoa utzi zion, Bilbon lehen aldiz entzuteak hunkidura sortu eta bere bidean urratsak egiten hasi zen gitarra bat eskuetan hartuta. Geroztik, zuzeneko emanaldi anitz eskaini ditu, milaka jenderen aitzinean kantatu du, baita diskoak argitaratu ere, baina haietako asko biniloan argitaratu ziren, 45 rpm formatuarekin: «4 canciones de Atahualpa Yupanqui», Paulo Iztueta eta Gabriel Arestik itzulita, «P. Iztuetaren lau poema», «E. Mendizabal eta J. Apalategiren lau poema», eta «B. Detxepareren lau poema», eta berantago, 33 rpm formatuarekin argitaratzen hasi zen, «Ahizpatasuna» kasu.

Halere, 1968tik 1975era artean argitaratu zituen biniloak ez ziren jende anitzen eskuetara iritsi, zentsura politikoa zegoen Hego Euskal Herrian, eta azkenetan izanagatik frankismoa gori-gorian zen oraindik. «Jende askok aipatu izan dit kantu haiek oroitzen zituela oraindik ere, emozio anitz sortzen ziela kantuen entzuteak, eta gaur egungo formatu berrietara ekartzea izan da nire asmoa», adierazi zuen Idirinek atzo Baionako Eusko Ikaskuntzan egin zuen aurkezpenean.

Anglosaxoi kultura duten herrialdeetan 60ko hamarkadan hartu zuten indar protesta kantuek, eta kantari batzuk biziki ezagunak egin ziren, Nina Simone, Pete Seeger, Malvina Reynolds, Woody Guthrie edo Bob Dylan bezala. Era berean, Latinoamerikan ere hedatuz joan zen Ali Primera, Mercedes Sosa, Silvio Rodriguez, Atahualpa, Violeta Parra, edo Victor Jararen ahotik; estatu frantsesean ere indartu zen kantu mota hau, Collete Magny, Jacques Brel eta Georges Brassens biziki ezagunak bilakatu ziren garai hartan, eta Katalunian ere sortu ziren protesta kantuak Euskal Herrian bezala.

Maite Idirinen kantuek eragin latinoamerikarra zuten, musika eta poesia elkarrekin uztartuz «pobreenen aurka egindako bidegabekeriak eta euskal kultura espezifikoaren alde lanean zebiltzanen aurka egiten ziren desmasiak salatzeko».