21 MAR. 2015 HAUR LITERATURA Adiskidetasuna irabazle Xabier ETXANIZ ERLE Hauxe da Aritz Mutiozabalen lehen haur liburua; aurretik poesia idatzi badu ere, «Bizikleta lapurtu didate!» da haur eta gazte literaturan zarauztar honek eginiko lehen ekarpena. Izenburuan adierazten den bezala, bizikleta lapurreta edo, hobeto esanda, bizikleta baten inguruan eginiko ipuina aurkezten zaigu. «-Bizikleta lapurtu didate!», horixe dugu liburuko lehen esaldia eta ondoren, hirugarren pertsonan, Ane protagonista duen istorioa kontatzen zaigu. Etxeko eskaileretan gora doala oihukatzen du Anek bizikleta lapurtu diotela. Aitonarekin saiatuko da aurkitzen, baita berreskuratzen Gurpil Algarak gobernuz kanpoko erakundearen erakusketa batean ikusten dutenean ere; baina erakusketan ageri den kontainerra Afrikarako bidean da dagoeneko eta Anek ez du bizikleta berreskuratzerik izango. Elkarteari idatzi ondoren ipuinak aldaketa handia du; Euskal Herriko herri txiki batean girotuta egotetik, hemen eta Afrikan bizi den Sarubaren inguruan kokatzen baita argumentua. Sarubak Aneri idazten dio; berak duela bizikleta eta eskerrak ematen dizkiola horri esker eskolara joan ahal delako... Ane eta Sarubaren arteko istorioak hartzen du pisua kontakizunean eta horretan, errealitate horiek ikusten, egiten du liburuak aurrera. Istorioa entretenigarria da eta sinplea. Erraz irakurtzen da, konplikazio handirik gabe. Ane eta aitona dira protagonista ia bakarrak Saruba agertu arte, eta alde horretatik trama asko sinpletzen da; are gehiago, deskribapen eta kontakizun gutxi dago, kapitulu laburrak, ekintzei garrantzia emanez... arin irakurtzera animatzen duen egitura. Egileak, baina, egiten dituen komentario batzuetan ez du irakurle hipotetikoaren maila kontuan izan, Anek bizikleta nola edo hala berreskuratu nahi duenean bezala: «Tematuta zegoen, berekoi antzera. Jabego pribatuaren defentsa sutsuarekin itsututa». Ez ditut nik gure inguruko haurrak «jabego pribatuaren defentsa» kontzeptua erabiltzen ikusten. Bestalde, istorioa nahiko sinesgarria da Saruba agertu arte; eta ez harreman hori ezin delako gertatu, Saruba euskaraz zuzentzen zaiolako baizik, eta horrela aitortzen duelako. Liburuak, aurrera egin ahala, sakondu egiten du Ane eta Sarubaren arteko harremanean, eta Gabonetan etorriko dela dioenean Aneren poza eta emozioa irakurlearengana ere iristen da. Bizikleta hainbeste nahi, desiratu, eta sutsuki defendatzen zuen neskak orain lagunaren bisita espero eta desio du. «Txirrin joka hasi zen telefonoa. Aitonak hartu zuen (...) Halako batean, gutxien espero zuenean, telefonoari atsedena eman zion, eta Aneri begiratu zion zuzenean. -Gabonetarako dator!». Eta Maite Mutuberriaren irudian (oso iradokitzaileak eta sinpleak) Ane ikusiko dugu saltoka aitonaren gainera, irribarre zabala duela aurpegian. Lagunaren ordez beste bizikleta bat jasoko du, ordea; eta une horretan ikusiko du ipuinaren hasierako Ane eta amaierakoa bi neska ezberdin direla. Ipuina irakurri duen irakurlea ere ezberdin izango delako, apur bat ezberdinago gutxienez.