12 AOûT 2017 JOKOAK Amurrion jokatuko dira ingudeko Euskal Herriko bi finalak J.L. Asteburu luze hau herri kiroletako txapelketez josita dator, eta asteartean Araban Euskal Herriko hiru final jokatuko dira. Goizean Amurrion ingude-altxatzekoa jokatuko da, eta arratsaldean, Laudion, lasto-altxatzekoa. Amurrion, 12.30ean, Elexondo kalean jokatuko da ingude-altxatzeko finala. Bertan, mutiletan Jon Lapazaran, Juan Carlos Lopez, Ioritz Pereira eta Imanol Martin lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak 18 kiloko ingudea erabili beharko du minutu eta erdian. Lapazaran izango da faboritoa. Emakumezkoetan, berriz, beste lau partaide izango dira. Honako hauek lehiatuko dira Euskal Herriko Txapelketa irabazteko asmoz: Karmele Gisasola, Maika Ariztegi, Virginia Finol eta Aurelie Vanschamelaut. Hemen bakoitzak 10 kiloko ingudea erabili beharko du eta minutu eta erdian jardungo dute hemen ere lanean. Mutiletan bizkaitarrak, arabarrak eta nafarrak jardungo dira lanean, eta nesketan, berriz, bizkaitarrak, arabarrak eta lapurtarrak arituko dira. Goizean Amurriokoak amaitutakoan, arratsaldean Laudion izango da beste txapelketa bat. Lamuza plazan jokatuko da, 18.00etan, lasto-altxatzeko Euskal Herriko finala. Hemen, Jose Lauzirika, Jon Loiola eta Tubi neurtuko dira. Azken hau izango da txapela lortzeko faboritoa. Bakoitzak bi minutuko txandak izango ditu 45 kiloko lasto fardoarekin jarduteko. Begi bistakoa da herri kiroletako betiko kirol tradizionaletatik harago zenbait arazo badaudela eta ikusi besterik ez dago Euskal Herriko Txapelketara oso jende gutxi doala, eta hor badago denen artean konpondu beharreko zerbait.