06 SEPT. 2017 «Joanikot» pastorala Iruñeko Baluarteko oholtzara iritsiko da datorren igandean IGARA IRUÑEA “Joanikot” pastorala Baluartera iritsiko da igandean. Goizeko hamarretan hasiko da ekitaldia, Iruñeko kaleetan barna egingo den kalejira batekin. Segizioa Frantziako portaletik abiatuko da, Carmen eta Navarreria kaleetatik igaro, Katedraleraino igo, eta Curiatik jaitsiko da, Mercaderes hartu eta Udaletxe plazan amaitzeko. Hamaiketan, ikusleak Nafarroako konkistaren garaira eramango ditu, 1512ra, Baluarten egingo den ikuskizunak. Pastoralak hiru ordu iraungo du. Jarduera hau Iruñeko Udalak Batasunaren Pribilegioaren harira prestatutako egitarauaren barruan antolatu da. Jean Pierra Recalt da antzezpenaren zuzendaria. Kulturako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta pastoralaren idazle Joana Etxartek agerraldia egin zuten atzo hedabideen aurrean xehetasunen berri emanez. Joanikot kapitaina Aurtengo pastoralak –uztail amaieran eta abuztu hasieran, Altzai eta Lakarri herriek bertan antzeztu zuten– Arberoako Joanikot kapitainaren eta bere emazte Hoztako Maiaren bizitza kontatzen du. Joanikot kapitainak Nafarroako konkistan parte hartu zuen 1512an, Albako dukearekin eskuz esku, Gaztela eta Aragoiko erresumen alde. Irabazleek nafarrei egindako triskantzak ikusirik, Joanikot kapitaina Albreteko Henrikeren alde jarri zen, Nafarroa berreskuratzeko saialdietan. 1521ean, Donibane Garaziko gotorlekua babesten zuten soldaduen buru izan zela jakina da. Gaztelako armadak kontraeraso bortitza egin zuenean, 1521eko udan, Noaingo gudua irabazi eta gero, Joanikot eta haren soldaduak setiatu zituzten, Garazin, 21 egunez. Amaiurko setioa Hori guztia Amaiurko setioa baino aste batzuk lehenago izan zen. Azkenik, Joanikot preso hartu zuten eta Iruñera eraman. Han traidoretzat jo, hil eta haren gorpua laurdenkatu zuten, hiriko sarreretan erakutsi zutelarik. Horiek horrela, haren emazte Hoztako Maiak dena utzi behar izan zuen Tebasen, eta Baionara ihes egin zuen. Sarrerak 5 euro balio ditu eta salgai daude Baluarteko leihatiletan eta webgunean.