GARA Euskal Herriko egunkaria

EAE, inklusiboago pandemiaz geroztik


Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herritarrek jatorri atzerritarreko pertsonekiko duten tolerantzia-indizeak markak hautsi ditu, 66,09 puntura iritsita, iaz baino puntu bat gehiago eta 2019an baino sei gehiago. Funtsean, «EAEko gizartearentzat immigrazioa ez da arazo bat».

Hala eman zuten jakitera atzo Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak; Gorka Moreno EHUren Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Arkaitz Fullaondo Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikerlariak, hiru erakundeen artean ondutako txostena aurkezteko Bilbon emandako prentsaurrekoan.

Lakuako sailburuaren esanetan, ohikoa den arren krisi egoeretan migranteekiko tolerantzia mailak okerrera egitea, guztiz kontrakoa pasatu da EAEn pandemiaren testuinguruan: «Tolerantziak behera egin beharrean, EAEko gizarteak elkartasuna areagotu du eta ulerkorrago agertu da, eta jatorri atzerritarra duten pertsonen inguruan jarrera inklusiboagoa eta toleranteagoa erakutsi du».

Ildo horretan, barometroak ondorioztatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek covid-19ak eragindako osasun krisiari, ekonomia krisiari eta krisi psikosozialari tolerantzia gehiagoz erantzun diotela eta, hortaz, «gizarte-elkartasunak ziurgabetasunak baino indar handiagoa» duela.

Fullaondok eman zituen Ikuspegiren 2021eko barometroari buruzko zehaztasunak eta esan zuen hiru herrialdeotako biztanleek ez dutela ikusten immigrazioa arazo bezala: «Ez da ideia berria, baina egonkortzen ari da». Modu horretara, «berretsi egin dira 2020an pandemiaren testuinguruan eman ziren datuak, non EAEko gizarteak elkartasun eta hurbiltasun gehiago erakusten baitzuen atzerriko jatorria duen kolektibo etorkinaren inguruan».

Hainbat aldagai aurkeztu zituen ideia hori berresteko. Batetik, immigrazioa positiboa da EAEko lan merkatuarentzat bertako herritarren iritziz. Positiboa, baina zentzu «funtzionalean», azaldu zuen Ikuspegiko ikerlariak, herritar autoktonoak nahi ez dituzten lanpostuak hartzen dituztelako migranteek.

Bestetik, atzerritarrekiko estereotipo eta zurrumurru kaltegarriek gizartean errotuta jarraitzen duten arren, «pixkanaka» indarra galtzen ari direla nabarmendu zuen Fullaondok. Horren erakusle, lehen aldiz, handiagoa da atzerriko jatorria dutenek gizarte-babeserako sistemaren gehiegizko onura jasotzen dutela baztertzen duen pertsona kopurua, baieztapen hori bultzatzen duena baino.

Horrez gain, herritar gehienek iritzi dute migranteek eragin positiboa dutela EAEko biztanleriaren ongizate orokorrean, 0tik 10erako eskalan 6ko puntuazioa emanda, inoizko balorazio onena. Barometroak, alabaina, islamaren jarraitzaileekiko tolerantzia falta identifikatu du.

Lanak erakusten du herritar autoktonoek ez dutela nahi soilik Bizkaia, Araba edo Gipuzkoa jatorri duten pertsonei zuzendutako gizarte-babeserako sistema bat, are, uste dute osasun eta hezkuntza publikoak pertsona guztien eskubide unibertsalak izan behar dutela. Beste eskubide batzuen inguruan galdetutakoan, ordea, EAEko herritar ugarik bazterrean utziko lituzkete atzerritarrak; adibidez, zerbitzu judizialen, gizarte laguntzen edo botorako eskubidearen kasuetan.

Lakuari enkargua

Pertsona migranteen erregularizazioari buruz galdetzerakoan, eta afera horretan Lakuako Gobernuak egin beharko lukeenaren inguruko iritziak jasota, herritarren gehiengoak argi utzi du paperik gabeko etorkinak erregularizatzeko nahia. %37,5ek uste dute etorkin guztiak erregularizatu behar direla, eta %45ek adierazi dute erregularizazioa soldatapeko lanak ekarri beharko lukeela. Soilik %3k esan dute kanporatu egin behar direla, «aspaldiko ehuneko txikiena», Fullaondoren hitzetan.