GAUR8
Gaur X urte

Gaur 60 urte jaio zen Aurora Beltran, Tahures Zurdos taldeko musikari nafarra

Musikari nafarrak Belladona taldea sortu zuen 1980ko hamarkadan eta, beranduago, Tahures Zurdos taldearekin agertoki handietara iritsi zen.

Aurora Beltran, artxiboko irudi batean.
Aurora Beltran, artxiboko irudi batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Aurora Beltran Gila gaur 60 urte jaio zen Iruñean, 1964ko abuztuaren 26an. Ibilbide luzeko musikaria da eta, besteak beste, Tahures Zurdos talde ospetsuan aritu zen hamazazpi urtez.

Nola diren gauzak, gaixotasun baten erruz, edo horri esker, bilakatu zen gitarra-jole iaioa. Eritasun horrek ordu asko eserita egotera derrigortzen zuen, eta sokazko instrumentuarekin arindu zituen eserialdi luzeak. Hala, 13 urte betetzerako, bere lehenengo kantuak konposatzen hasi zen.

1980ko hamarkada bizitzea tokatu zitzaion, garai oparoak eta lotsagabeak musikarentzako. Euskal Herrian Eskorbuto, Cicatriz, Su ta Gar eta Barricada zebiltzan oholtzatan, eta Beltranek orduan sortu zuen Belladona rock taldea, beste hiru emakumerekin batera. Gizonen jabetzakoa zirudien eszena hartan musika gogorrarekin sartu ziren Belladonakoak, ‘Las mujeres y los negros primero’ lanarekin.

LP bakarra aterata desagertu zen Belladona, eta Aurora Beltran, kontserbatorioan biolin klaseak hartuta, Enrike Villareal ‘El Drogas’ lagunarekin batera aritzen zen kontzertuak ematen tabernaz taberna. 1987an, aldiz, Tahures Zurdos taldea sortu zuen Manuel ‘Lolo’ Beltran anaiarekin eta beste lagun batzuekin batera, iragarri gabe Estatu espainiarreko talde indartsuenetako bat bilakatuz.

Euskal Herrian kontzertuak ematen hasi zuen ibilbidea Tahures Zurdosek, eta 1988an izen bereko lehenengo diskoa kaleratu zuen Ohiuka disketxearekin. Beranduago iritsi ziren ‘Tahuria’, ‘Nieve negra’, ‘Arido’, ‘La Caza’ eta ‘Azul’ lanak ere, besteak beste. Aurora Beltranek hamazazpi urte egin zituen talde horretan, garra feminista galdu gabe, ‘Chicas fuertes’ abestiak erakutsi modura.

Tahures Zurdos areto handienetan jotzera iritsi zen, eta 2004an desegin zen, bere ibilbidea laburtzen zuen ‘17 años’ lana kaleratu ondoren. Geroztik, Aurora Beltranek bakarkako hainbat lan eman ditu.

2019an, Tahures Zurdos taldeak bere itzulera iragarri zuen eta, egun, Aurora Beltran eta kideak oholtzak astintzen ari dira berriz.