LHko eta DBHko ikasleek egindako 260 bideok hartuko dute parte ‘Arnasetik’ lehiaketan
Hego Euskal Herriko udalerri ezberdinetako 260 lan jaso ditu ‘Arnasetik’ bideo lehiaketak, aurreko edizioan baino 148 gehiago. Euskararentzat ‘arnasgune’ diren herrietako 10 eta 16 urte bitarteko ikasleek parte hartzen dute, euren herriek euskararen erabilera bultzatzeko duten garrantzia nabarmenduz.
‘Arnasetik’ bideo lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du Arnasa Gara ekimenak, ‘arnasguneak' izeneko eremuetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta haien hizkuntza-ohiturei buruzko gogoeta eragiteko. Edizio honetan 260 lan jaso dira, 2023an baino 148 gehiago.
UEMAk, Lakuako eta Nafarroako gobernuek elkarlanean sustatutako proiektua da Arnasa Gara, eta euskararen arnasguneen garrantzia zabaltzea du helburu, euskara biziberritzeko egiten duten ekarpena azpimarratuz.
Hiru kategoria
Arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera, eta 4.200 boto baino gehiago jaso ditu publikoaren saria aukeratzeko. Sari banaketa ekitaldia datorren ostegunean, hilak 28, egingo da Bergarako Seminarixoa aretoan.
Hego Euskal Herriko 40 udalerrik izan dute ordezkaritza hiru kategorietan. Horietako bakoitzean, parte hartzaileek erronka bati egin behar izan diote aurre. Lehen Hezkuntzako (LH) bosgarren eta seigarren mailako ikasleek herriko txoko gogokoenerako bidea erakutsi behar izan dute.
DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleek euren herrietan urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren azaldu behar izan dute. DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleek, bestalde, kazetari gisa jardun behar izan dute, eta udalerriko zein beste pertsonaren larruan jarriko liratekeen galdetu behar izan diete bizilagunei.
Guztira, sei sari banatuko dira. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lan onenak 500 euroko saria izango du (hiru guztira). Balio bereko publikoaren saria ere emango da, herri-bozketaren bidez hautatua.
Bergarako Udalak, gainera, herriko lan onenak saritu nahi izan ditu, eta 250 euroko saria emango dio Gipuzkoako udalerriko bideo irabazle bakoitzari.
Sari hauek guztiak IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ‘escape room’ edo EITBko ‘Goazen!’ eta ‘Irabazi Arte!’ telesailetako merchandising produktuetarako bonuak izango dira.